Eskaladako Fisiologia eta Balorazio Probak
Date
2014-10-31Author
Iruretagoiena Urbieta, Seber
Metadata
Show full item recordAbstract
Orain arte eskaladaren inguruan dagoen literaturan, antropometria, heltze indarra eta erantzun psikofisiologikoak aztertu dira nagusiki eta kontraesan ugari aurkitzen dira autore ezberdinen artean. Ikerketa honen bidez, kontraesan guzti hauek argitu nahi dira eta balorazio proba berri batzuen eraginkontarsuna aztertu.
Gradu amaierako lan honen helburuak, lau balorazio proba ezberdin diseinatu, gauzatzea (heltze indarra, gauzatze aldagaiak, erantzun fisiologikoak eta RPE neurtuz) eta neurketa antropometrikoak egitea izan dira. Ondoren, maila ezberdineko eskalatzaileen eta bi sexuen arteko ezberdintasunak behatzeko.
Ikerketan hiru emakume eta bederatzi gizonek parte hartu zuten, uniformeki maila ezberdineko taldetan banaturik. 1.taldea (6.gradukoak), emakume bat eta bi gizonek osatzen zuten, 2.taldea (7.gradukoak), emakume bat eta hiru gizonek eta 3.taldea (8.gradukoak), emakume bat eta lau gizonek. Diseinaturiko lau balorazio probak honako hauek izan ziren: 1.proba, suspentsio maximoa 1,8mmko regletan; 2.proba, trakzio kopuru maximoa; 3.proba, 7a zailtasuneko bia bat eskalatu akidura arte eta 4.proba, 6a+ zailtasuneko bia bat eskalatu akidura arte. Balorazio proba edo testekin hasi aurretik, atsedenean, bihotz maiztasuna eta tentsio arteriala neurtu eta esperientzia eta kirol praktikaren galdetegi bat pasa zitzaien. Ondoren, balorazio proba bakoitzaren aurretik eta ostean, gauzatze aldagaiak, heltze indarra, erantzun fisiologikoa eta RPE neurtu zitzaien.
Erantzunei dagokionez, perfil antropometrikoan, gero eta maila altuagoko eskalatzaileek endomorfia baxuagoa dute eta emakumeek gizonezkoek baino balore altuagoak dituzte aldagai guztietan, gantz portzentaian izan ezik. Heltze indarrean aldiz, ez zen ezberdintasun adierazgarririk topatu hiru taldeen artean eta gizonezkoek emakumezkoek baino balore altuagoak izan arren, indar galera antzekoa dute. Erantzun fisiologikoetan ez zen ezberdintasun adierazgarririk topatu. Suspentsio maximoan (1.balorazio proban), gero eta maila altuagoko eskalatzaileek denbora gehiago irauten dute suspentsioan, trakzio kopuruetan aldiz (2.balorazio proba), ez dago ezberdintasun adierazgarririk. Kirol eskalada bertikalean aldiz (3. eta 4. balorazio probetan), maila altuagokoek distantzia luzeagoak eta mugimendu kopuru gehiago egiten dituzte proportzionalki denbora laburragoan.
Ondorioz, helburuetako batzuk neurri handi batean bete dira. Laburbilduz, diseinaturiko balorazio probak erabilgarriak dira azkena izan ezik, eta antropometrian, heltze indarrean, suspentsio maximoan eta 3. balorazio probako gauzatze aldagaietan ezberdintasun adierazgarriak topatu dira.