Elebidun goiztiarren hiztegia: euskaldun elebakar eta euskara-gaztelania elebidun goiztiarren arteko erkaketa CDIren bidez
Author
Barruetabeña Erdaide, Alaine
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan hau elebidun goiztiarren hiztegiari buruzkoa da. Bertan 16-35 hilabete arteko 5 ume elebakar eta 6 elebidunen datuak deskribatu eta aztertu dira. Lanean Communicative Development Inventories (CDI) tresnaren erabileran trebatu nahi da eta gaira hurbilpen bat egin. Haur elebidunak aztertzeko datuak bi hizkuntzetan jaso dira euskaldun elebakar eta elebidunen artean alderik dagoen ikusiz. Horretarako, CDIren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak erabili dira, galdetegi batzuk, elebakarrenak, euskaraz bakarrik jaso badira ere. Beste batzuk, elebidunenak, euskaraz eta gaztelaniaz. Batez ere, lexikoan zentratu gara, baina gramatikaren atal bi ere erabili dira. Lan hau hiru hipotesitan oinarritu da: 1) hizkuntza bateko inputak eragina du hizkuntza horren ekoizpenean (Pearson et al., 1997: 51). 2) Elebidunen bi hizkuntzetako hitzak edota kontzeptuak batera hartuz, umearen hiztegiak, kantitatean, bat egiten du hizkuntza bereko elebakarrenarekin (Pearson et al., 1997). 3) Umeek kontzeptu berarentzat bi hizkuntzetan hitz baliokide bana dute, ondorioz, bi hizkuntzak bereiz dituzte (Junker eta Stockman, 2002, apud Perez-Pereira 2008: 42). Aztergai ziren haur euskaldunen hiztegiaz aurreikuspen nagusiak hauek dira: 1) input gehiago duen hizkuntzako ekoizpena handiagoa izango da. 2) Elebakarrak elebidunak baino pertzentil altuagoan kokatuko dira. 3) Bi hizkuntzetako hitzak edo kontzeptuak batera hartuz, elebidunek elebakarrek baino emaitza altuagoak lortuko dituzte. 4) Kontzeptu batentzako hitz bana izango dute hizkuntza banatan. Ateratako emaitzak ondorengoak dira: 1) 16-20 zein 29-30 hilabeteko umeen multzoan, aztertutako elebidunak euskaraz gaztelaniaz baino pertzentil altuagoan daude. 2) Input gehiago jasotzen duten hizkuntzako ekoizpena handiagoa da. 3) 16-20 hilabeteko ume elebakarrak elebidunak baino pertzentil baxuagoan daude, bataz bestekoak 80 eta 85 pertzentiletan daudelarik. 29-30 arteko elebakarra (pertz. 45) ere, multzo bereko elebidunak (pertz. 55) baino pertzentil baxuagoan dago. 4) Hitz kopuruari dagokionez, ume elebidunek elebakarrek baino emaitza altuagoak dituzte. Hitzetan askoz altuagoa da elebidunen ekoizpena elebakarrena baino. Baita kontzeptuetan ere. 5) Ume guztiek izan dituzte kontzeptu batzuentzako hitz bana hizkuntza banatan. 6) Gehien erabiltzen dituzten hitzak hotsak eta pertsonak dira; txikienek ere erabiltzen dituzte. 7) Adizkietan emaitza baxuak lortu dira, txikienetan 0 da emaitza ohikoena. Nagusienetan, berriz, %10,81 da altuena. 8) Esaldien konplexutasuna txikia izan da, baina, nagusienetan emaitza nahiko altuak dituzte. Lan honetako ondorio nagusia da elebidunak aztertu ahal izateko, bi hizkuntzak batera hartu behar direla eta elebakarrekin alderatuta, hiztegi zabalagoa dutela. Gainera, inputa eta ekoizpenaren artean harreman zuzena dago, nahiz eta gure azterketan salbuespenen bat agertu zaigun. Aurreikuspenak orokorrean bete egin dira, nahiz eta 1 eta 2k salbuespenak izan dituzten. Gainera, hipotesien aldeko datuak ere aurkitu dira.