Elebidunak: gaurko errealitatea gizartean eta zientzian
View/ Open
Author
Gurrutxaga Sarasola, Ione
Metadata
Show full item recordAbstract
Bizi garen gizarte globalizatuan harremanek hartu duten indarra dela eta, hizkuntza bat baina gehiago jakiteak baliabide ugari eskaini ditzake. Eleaniztasuna, geroz eta fenomeno zabalduagoa da, eta pixkanaka ikergai nagusi bihurtzen ari da hainbat ikerketetan, hizkuntzen ikasketa nola gertatzen den aztertzen dutenetan, esaterako. Aspalditik jakin nahi izan da gizakiak nolako baliabide eta mekanismoak dituen hizkuntzak ikasteko, eta horretarako, orain gutxi arte elebakarretan bakarrik oinarritutako ikerketak egin dira. Hala ere, azkenaldian, ikerketa hauen ikuspegia zabaltzen joan da eta pixkanaka elebidunen azterketek bere tokia hartu dute, erakutsiz elebidunek garunean dutena ez dela bi hizkuntzen batura hutsa, beste modu batean funtzionatzen dutela.
Lehen hizkuntzaz jabetzean eta bigarren hizkuntza ikastean antzeko urratsak ematen badira ere, bakoitzak bere berezitasunak ditu. Lortutako maila ere, ia inoiz ez da baliokidea izango: edozein hiztun ohartu daiteke bigarren hizkuntza bat ikastean, hizkuntza horretako jaiotzetiko hiztunen maila lortzen duen hiztun kopurua oso urria dela. Horregatik, lanean maila hori lortzea eragotzi dezaketen hainbat faktore bilduko dira.
Elebakar edo elebidun izan, desberdintasun multzoa handia da. Kognizio mekanismoetan eta garunaren funtzionamenduan, bai eta hizkuntzaren prozesamenduan bertan ere, alde nabariak aurki daitezke. Elebidunek elebakarrek baino gaitasun handiagoa dute beharrezkoa ez duten informazioa baztertzeko eta burmuina zuzenean aztertuz, materia gris gehiago dutela ikusten da; aldiz, elebakarrak azkarragoak dira hiztegi ariketetan, esaterako. Hamaika esperimentu egin dira eta hamaika emaitza lortu dituzte, horregatik, lan honetan horietako batzuk bildu eta azalduko dira.
Amaitzeko, gaia euskal eremura ekarriz, jaiotzetiko euskaldunak eta jaiotzetik gaztelaniadun izanda oso txikitan euskaldundu diren eta maila altuko hiztunak direnekin egindako esperimentuak azalduko dira. Esperimentu hauek erakutsi dute ariketa linguistikoetan alde nabarmenik aurkitu ez arren, bigarren hizkuntza ikasitako adinak, oso goiz ikasi arren, eragina duela hizkuntzaren garuneko prozesamenduan. Horrela, inguruko hizkuntzetan aurkitzen ez diren baina euskarak bereizgarri dituen ezaugarri tipologikoetan (aditz-komunztadura, buru-parametroa eta ergatiboa) oinarritutako esperimentuen bidez, bi hiztun taldeen artean dauden desberdintasunak konparatuko dira