Espainia 76ko Bienal «gorrian». Oroimenak eta ahazteak.
View/ Open
Author
Merino Merchán, Jokin
Metadata
Show full item recordAbstract
Esposaketa medioak maneiatzen dituen ahalbideak askotarikoak dira, baina komunikaziorako tresna indartsua denaren kontzientzia museologia garaikidetik zein komisariotza diziplina modernotik datorkigu. Diskurtso (ala kontakizun) politiko, historiko zein kulturalak eraikitzeko gai da erakusketa, betiere elementu estetiko eta formalekin elkarren adostasuna bilatuz beren eraginkortasuna bermatzeko. Veneziako Bienala, pisuzko erakusketa zein formatu partikular gisa, arte garaikidearen bilakaeraren lehen mailako lekuko eta bozgorailu dudagabea izan da. Nazioarteko bokazioarekin eta izaera merkantilista biziarekin jaio zen honek italiar zein mundu mailako testuinguru aldaketak xurgatu izan ditu, XX. Mendeko gertakari historiko nagusiek —Guda guztien ama, faxismoaren gorakada eta berenganako garaipena, Gerra Hotza, etab. —bere adierazpen zuzena izan dutelarik Casteloko Giardinietan. Baina gehien eragin zion jazoera ziurrenik, 68ko maiatza deiturikoan topatuko genuke. Ikaslemugimendu eta intelektualeriak gizarte kontsumoaren kontra jaulkitako aldarriek, Erakunde Autonomoaren ordenamendu juridikoaren eraldaketa ekarri zuten, demokrazia eta antifaxismoaren bandera goratuz. Atze-oihal honekin, erregimen diktatorial baten pean zirauen Mendebaldeko salbuespena Espainia zen, eta 1974eko edizioan Txileko erresistentziari omendu zitzaion legez, gure herrialdeko pabilioia modu kontsekuentean ixtea agindu eta oposizio demokratikoari eskaini zioten ordezkaritzaren ardura. Tomás Llorens eta Valeriano Bozal arte historialari eta kritikariek gidatutako «hamarren batzordeari» fidatu zitzaion proiektuaren diseinu lana hain zuzen ere, eta honek España: vanguardia artística y realidad social 1936-1976 erakusketa eman zuen fruitutzat. Zigor politikoa zenari ostera, Francoren heriotzak harrapatu zion bitartean eta Trantsizio garai nahasiaren baitan gauzatu zen. Une historikoak eskatzen zuen konpromisoari erantzunez, nabariki ideologikoa izan zen keinua protagonizatu zuen erakusketak: oroimen demokratikoa lurpetik ateratzea eta gure hurbileko iraganarenganako atzera begirada kritikoa. Memoria eta erantzukizuna, artea eta politika, nahasten diren eskergabeko kasu gomutagarri bat da esku artean darabilguna