Emakumea eta dantza XVIII-XIX. Mendeetan eta gaur egun
View/ Open
Author
Otxandorena Dorregarai, Asier
Metadata
Show full item recordAbstract
Gradu amaierako lan honetan dantzaren ikuspuntuaren inguruan murgildu naiz. Horretarako, XVIII-XIX mende bitarteko autoreak hartu eta haien obra batzuk aztertu ditut, zeinetan dantzari eta emakumearei buruz hitz egiten duten. Dantzak ez dira ohiko gaia izan euskal literaturaren munduan eta historian, baina interesgarriak iruditu zaizkit haien inguruko iritzi eta iruzkinak. Izan ere, guzti horren atzean irudi eta kritika-arrazoi bakarra topatu dut: emakumearena.
Aztergai ditudan autore gehienak dantzen aurka egon ziren haien idazle garaietan, baina dantza mota bakar batekin zuten arazorik handiena eta gizon-emakume arteko dantza zen honako hau. Gizonen artekoak edota emakumeen artekoak ongi ikusiak ziren, baina jai giroan ez zen oso ohikoa dantza hauek bere horretan geratzea, plazan gero eta gehiagotan nahasten baitziren gizon eta emakumeak elkarren artean. Hala ere, dantza nahasi hauek bi espazio ezberdinetan ematen ziren; plazan jendearen aurrean eta etxe edo toki pribatuetan. Mendiburu, Frai Bartolome eta beste autore askorentzat bekatariak ziren dantza hauek burutzen zituzten dantzari eta herritarrak. Hau dela eta, dantza guztietan bekaturako arriskua ikusten zuten eta nahiago zuten hauek errotik debekatu, dantzaren eszenatokia edozein zelarik ere. Mendiburu bezalako misiolariek herriz herri predikatzen zuten dantzak debekatzeko saioak eginez, baina aurkako bandoan dagoen idazlerik ere badugu eta hauetako bat Larramendi da, zeinak hein handi batean dantzak onartzen zituen. Autore honek gogor kritikatu zituen Mendibururen hitzak. Larramendiren ustetan plaza agirikoak alkate edo kargudun baten aurrean bete zitezkeen beti ere elizkizunak errespetatzen ziren bitartean. Dena den, alderdi batzuetan amore eman behar izan zuen dantzak onartuak izan zitezen eta ezarri zuten baldintzetako bat bi dantzarien artean zapia jartzearena zen, elkarri eskua eman ez ziezaioten. Etxe pribatuetako dantzak, aldiz, ez zituen bertakotzat jotzen eta haien aurka azaldu zen. Iztueta Larramendiren zaku bertsuan sartu dezakegu Iztueta dantza irakaslea. Azken honekin Frai Bartolome de Santa Teresa da konparagarria, biak elkarren aurka aritu ez arren, garai bertsukoak zirelako eta alderdi batzuetan Mendibururen antzekoa zelako gure karmeldarra. Biak ala biak plazatik kanpo egiten ziren dantzen aurka zeuden, baina karmeldarraren arrazoia erlijiosoa zen eta Iztuetarena politikoa. Lau hauetaz gain, garai bertsukoak ziren beste autore batzuk ere dantzen inguruan jardun zuten obraren batean; Juan Antonio eta Juan Jose Mogel osaba ilobak, eta Juan Ignazio Gerriko dira horietariko batzuk.
Hurrengo mendean, XIX. mendean hain zuzen ere, dantzak arautzeko saioak gutxituz eta indarra galduz joan ziren, arau batzuk proposatzen eta onartzen jarraitzen bazuten ere. XX. mende hasierako Azkueren Ardi Galdua (1918) lana dugu azken misiolarien adibide gisa. Garai hartan, eusko abertzaletasunak dantzak tradizioaren osagarritzat gehitu zituen eta erlijioaren zapalkuntza jasan behar izan zutenak Euskal Herrikoak ez ziren dantzak izan ziren. 1960-1970 urte bitartean Euskal Herrian gizarte eta kultur aldaketa nabarmena eman zen tartean Elizak indar pixka bat galdu zuelarik. Horri esker, emakumearekiko kritika txarrak apalduz joan ziren, baina ez ziren guztiz deuseztatu, tradizioa eta ohiturak bizirik mantentzeko lanean zebiltzan herritarrak bere horretan jarraitzen zutelako. Hau dela medio, dantza eta jai giroko emankizunetan parte hartzeko oztopo handiak izaten jarraitu du emakumeak gaur egun arte. Horren adibide ditugu Maskaradak eta mutildantzak. Herritarrak garai bateko ideiak bere horretan eusten zenbiltzan eta Maskaradetan parte hartu edota mutildantzetan dantzatu nahi zuen emakumeari ez zioten bide erraza jartzen. Gaur egun ere, mutildantzetan gatazka hau bizirik dirau. Errioxan, aldiz, beharrarengatik hasi ziren emakumezkoak dantza tradizionalak dantzatzen; izan ere, mutil gutxi zeuden dantza guztiak burutzeko.
Azkenik, ondorioetan aipatu ahal da emakumeek oraindik muga asko dituztela jai edota erritualetan parte hartzeko, eta plazan sartzea lortzen dutenean hierarkia moduko bat ematen dela. Objektu gisa jardun du urteetan zehar eta rol hori hartu du emakumea izateagatik. Jantzien aldetik ere emakumeekiko bazterkeria egon zen, ezagutzen zen jantzi bakarra gizonezkoentzat hartu zutelako, baina emakumeek haien tokia irabaztea lortu zuten herrietan jantziak eraldatzen joan ziren. Tradizio eta ohitura zaharrak apurtzea eta garai berrietara egokitzea da gizon eta emakume askoren nahia; poliki-poliki lortzen ari badira ere, oraindik lan asko geratzen da.