Identitatearen eraikuntza autoerrepresentazioaren bidez. Claude Cahun eta Frida Kahloren kasuak.
Author
Arzallus Alustiza, Nagore
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen bidez, Claude Cahun eta Frida Kahlo artistek, XX. mende hasieran autoerrepresentazioaren teknika erabiliz eginiko identitate aniztasunaren eraikuntza eta aldi berean, irudi honen sorrera oinarritzat hartuko duen eta bizitza eta artea uztartuko dituen proiektu artistiko baten eratze prozesua aztertuko ditugu. Baina, hauen obra artistikoa ez da Cahunen kasuan argazkietara eta Kahlorenean pinturara mugatuko. Hots, argazkiak, idatziak, jantziak, jarrerak, orientazio sexuala… artistek beren identitatea eraikitzeko baliatuko dituzten elementuak izango dira. Modu honetan, beren irudi propioaren konfigurazioa artea eta bizitza uztartuko dituen proiektu bihurtuz, bi artista hauen identitatearen eraikuntza eremu artistiko ofizialetik harago eramango dutelarik. Hortaz, beren gorputza erabiliz artikulatzen duten obran autoerrepresentatzeko tendentziak paper zentrala izango du, hau da, gorputza izango da bi artista hauen obraren material nagusia, hau hainbat elementuren bidez mozorrotuko dutelarik, maskarada bat sortuz. Arropak, makillajeak eta atrezzoak sorturiko eszenaratzea Ni-aren (identitateen) ugaritasunaren irudikapenean oinarrituriko proiektu artistiko baten tresna edo osagarria izango baita.
Aurrez aipaturiko aspektu hauen azterketaren bitartez, ikusiko dugu, nola, sortzaile hauen proiektu artistikoa osatzen duten obra guzti hauek ez diren zoriaren edo ausazko elementuen emaitza, ezaugarri komunak dituzten praktika diskurtsibo edo autoerrepresentazio guztiz kontrolatuak baizik.
Honela, formatu ezberdinetan eginiko autoerrepresentazio hauek konfiguratzeko erabilitako elementuen azterketaren bidez, hauen atzean ezkutatzen den diskurtso ideologikoa aztertuko dugu. Ni-tasunaren eraikuntza proiektu artistiko bihurtzea eta norbere irudiaren konfigurazioa proiektu horren erdigunean jartzea izan zen artista hauek botere hegemonikoak inposaturiko sexu/genero identitateen estereotipoekin eta definizioekin amaitzeko aukeraturiko estrategia. Hots, emakume hauek, alde batetik, identitate bakar, homogeneo eta aldaezinaren ideia guztiz alboratuko dute, honen lekuan identitate ugaritasuna aldarrikatuz, eta bestetik, mendebaldeko emakumearen rol estereotipatuarekin hautsi nahiko dute, estereotipo hauen izaera performatiboan sakonduz.