Ironia ulertzen
View/ Open
Author
Zeberio Etxaniz, Aitor
Metadata
Show full item recordAbstract
Idatzi honen helburua ironia deituriko fenomenoa azaltzea da. Fenomeno hau gizakia gizaki denetik erabili dela esan genezake. Baina, horrela izanik ere, ez da batere erraza hizkuntzaren ezaugarri hau sakonean azaltzea. Helburu hau burutzeko, lana sarrera baten bitartez hasiko da, non adibide baten bitartez gaia aurkeztuko den, eta lehenengo definizioa emango da. Hala ere, laster ikusiko da dirudiena baino fenomeno konplexuagoa dela ironia, eta definizio sinple baten bitartez ezin da elementu hau bere osotasunean ulertu. Horregatik, hurrengo atalean Mueckeren (1969) eskutik fenomenoaren ezaugarri ezberdinak azalduko dira, eta, ondoren, zenbait ironia mota aipatuko dira, nahiz eta irizpide ugari dauden ironia mota ezberdinak sailkatzeko. Honen ostean, ironia historian zehar nola aldatu den deskribatuko da, ironia ulertzen zen modutik hasi eta honen erabilera ezberdinetara iritsi arte. Horretarako, hainbat autore ezberdinen iritziak batuko dira, Aristofanes, Platon edo Zizeron tartean direla, besteak beste, eta greziar adibideez gain beste zenbait garaitaz ere hitz egingo da. Zenbait kasutan, antzinako testuetan aurki daitekeen ironiaren adibide bat ikusgarri egongo da. Ironiaren aldaera historikoak azaldutakoan, gaur egun onartuenak diren hiru teoria nagusiak azalduko dira, zeinek gaur egungo ironiaren mekanismo linguistikoak azaltzen dituzten ikuspegi ezberdinetatik: Gricen Kooperazio printzipioa eta maximak, Sperber eta Wilsonen Errelebantzia teoria eta Clark eta Gerrigen Pretentsio teoria. Bakoitza indibidualki azalduko da, adibideez horniturik azalpena ulergarriagoa izan dadin, eta bakoitzaren puntu ahulak ere mintzagai izango dira, lan honen helburua ez baita teoria bat onestea edo hauek elkarrekin kontrajartzea. Azkenik, lan honi bukaera emanez, ironiaren inguruko zenbait ondorio deskribatuko dira, eta hausnarketa moduko bat egin ere bai Alde batetik ironiak historian zehar izan duen paperaz mintzatuko da, umorearekin duen erlazioa azpimarratuz, eta baita gaur egungo egoeraz ere. Etorkizunera begira, berriz, gai honen inguruan egin litezkeen lanen inguruan ere ideiak proposatuko dira, nondik litzatekeen posible enfokatzea eta zeintzuk liratekeen jorratzeko bide berriak.