Klimatologia: Tenporek eguraldiarekin asmatzen al dute?
View/ Open
Author
Olaziregi Albizu, Joseba Iñaki
Metadata
Show full item recordAbstract
Gradu Amaierako Lan honek tenporak izan ditu aztergai eta hauek eguraldia asmatzen
duten ala ez ziurtatzea izan da burutu beharreko lana. Tenporak epe luzeko iragarpen
meteorologikoak dira. Urtean zehar data zehatz batzuetan izaten dira tenporak eta hauek
datorren urtaroko eguraldia aurreikusten dute. Lau tenpora daude, urtaro bakoitzerako
tenpora bana: udaberriko tenporak, udako tenporak, udazkeneko tenporak eta neguko
tenporak. Tenporei ere, urtaro bakoitzeko tenporei, lehenengo tenporak, bigarren
tenporak, hirugarren tenporak eta laugarren tenporak bezala ezagutzen zaie. Lehen bi
tenporen datak nahiko mugikorrak dira, eta beste biak finkoagoak. Tenpora egunak hiru
dira: asteazkena, ostirala eta larunbata. Nahiz eta aztertzeko metodo eta modu
ezberdinak egon, orokorrean egun hauetako faktore meteorologikoei eta batez ere,
haizearen norabideari, erreparatzen zaie datorren urtaroko eguraldiaren aurreikuspena
egiteko.
Gaur egun aurreikuspen hauek plazaratzera ausartzen direnak gutxi dira. Hasteko,
aurreikuspenak egiteko urteetako jakinduria beharrezkoa da eta bestetik ez da gai
xamurra tenporena. Iragarleetan ezagunenak, Arantzazun bizi den Pello Zabala frailea
eta Gorbeako artzaina, Jacinto Sagarna dira. Jacinto Sagarnak jada ez du iragarpenik
publikatzen, baina Pello Zabalak oraindik horretan dirau. Oraindik ere, Euskal Herrian
jende asko interesatzen da tenporetan, baina badira hauen kontra daudenak ere. Kontra
daudenak, iragarpen hauen oinarri zientifiko falta argudiatzen dute baztertzeko.
Lanaren analisi zientifikoa burutzeko Euskalmeten baliagarri zeuden EAEko behatoki
bakoitzaren datuez baliatu naiz. 2001-2014 urte serieko tenperatura, prezipitazio eta
hezetasuna izan dira erabilitako aldagai meteorologikoak. EAEko egunkari nagusietan
eskuragarri zeuden tenporen iragarpenak alderatu ditut urtaro horretako behatoki
guztien aldagai ezberdinen bataz bestekoekin. Horrez gain, irudikapen ezberdinak
burutu ditut lortutako emaitzekin, hala nola, behatoki guztien, zein hiru aldagaien bataz
bestekoen irudikapenak. Iragarpen urteko eta iragarpenari zegokion urtaroko
irudikapenak ere burutu ditut.
Eskuratutako tenporen hamaika iragarpenetatik bostek asmatzen dute, lauk erdizka
asmatzen dute eta bik ez dute asmatzen. Erdizka daudenak ezezkotzat hartuz gero, sei
izango lirateke asmatzen ez dutenak eta bost asmatzen dutenak. Beraz, esan daiteke
II
tenporak orokorrean ez direla fidagarriak, iragarpenen erdia baina gehiagok ez baitute
asmatzen.
Amaitzeko, esan beharra dago tenporek fidagarritasuna eta jarraitzaileak galtzen ari
direla, generazio berriak datu zientifikoetan oinarritzen baitira eguraldiaren berri
izateko. Hala eta guztiz ere, aipatu behar da, epe luzeko iragarpenak ez direla batere
fidagarriak, eguraldia oso aldakorra baita, are eta gehiago gure eremu geografikoan.