Mary Cassatt: margolari inpresionista baino gehiago
View/ Open
Author
Ibarrondo Iñurrategui, Jone
Metadata
Show full item recordAbstract
Mary Cassatt artistaren inguruan jardungo dugu ondorengo 30 orrialde hauetan, bere
bizitza eta obra ezagutzeko aukera izanik eta bide batez emakume izateak bere artelana
nola baldintzatu zuen ikusiz. Izan ere, garai eta estilo bera jorratzen zuten beste
gizonekiko desberdintasun nabarmenak ikusiko ditugu.
Cassatt oso gaztea zelarik Amerika utzi eta Parisera hezkuntza artistikoa jasotzera joan
zen, garaian horretan Frantziako hiriburua baitzen artista izan nahi zuen edonoren
jomuga. XIX. mende amaieran kokatzen gara, beraz, pintura Akademiak ezartzen zituen
molde tradizionaletatik askatu eta modernitateari ateak zabaldu zitzaizkion unean;
testuinguru horretan kokatu behar dugu Cassatt, bere artearen bidez aldaketa horretan
parte hartu zuelarik.
Lanaren izenburuak dioen bezala, Cassatt inpresionistatzat sailkatzen den artista dugu,
baina bere obra sakonki aztertu ostean, hainbat elementu bereizgarri eskaintzen
dizkigula ikusiko dugu. Lehenik, garai horretan artista izan nahi zuten emakumeek
zituzten mugak eta zailtasunak ikusiko ditugu, erresistentzia hori gehien bat familia,
gizartea eta Akademiatik zetorrelarik. Segidan, Cassatt eta talde inpresionistaren baitan
bere kide izan zen Berthe Morisoten lanaren azterketa txiki bat egin eta bi hauek landu
zituzten gaiak eta irudikaturiko espazioak ikertuko ditugu: emakumeen ohiko
biziguneak, besteak beste egongela, bainugela, lorategia, balkoia edota galeriak.
Gizonen lanekin alderatuta, gizonen margolanetan gai hauek lantzen ez zirela
konturatuko gara. Gainera, espazio fisiko horietaz gain, bi artista hauen lanen
konposizioa behatuz, garaiko emakumeek jasan zituzten eragozpen sozialak antzematen
dira, artista hauen lanen baitan emakumeen aldeko aldarrikapena sumatuz.
Mary Cassatten biografiaren eta figuraren inguruan jardun ostean, bere obran zentratuko
gara. Landu zituen hiru gai aitzaki moduan harturik, hau da, haurtzaroa eta amatasuna,
emakumeen erretratuak eta higiene pertsonaleko eszenak, bere hainbat obra ezagutzeko
aukera izango dugu. Era berean, hauek eraikitzeko teknika eta emakumearen figura era
duin batean irudikatzeko harturiko konpromisoa analizatuko dugu. Aipaturiko gai hauek
jorratzeaz gain, ama eta haurren harremanen inguruan lan anitz egin zituen, horietan bi
figuren arteko lotura eta maitasuna irudikatuz, eta atmosfera berezi eta intimoak sortuz.
Bere lanek naturaltasuna transmititzen dute, azken finean bere eszenak norberaren eta
emakume askoren egunerokoan oinarritzen baitziren.
3
Cassattek etxeko lau pareten artean kimatzen zen gizarte ezkutu eta ezezagun hori modu ezin argi, natural eta ederrago batean eskaintzen digu.