Nestor Basterretxea eta collagea. Buelta berri bat.
Author
Lecuona Mariscal, Ane
Metadata
Show full item recordAbstract
Nestor Basterretxea artistak bere leku berezia du euskal artearen historiografia barruan. Chillida eta Oteizarekin batera, arte berri baten bideari ekin zion, euskal lehen abangoardisten belaunaldia sortuz, gure euskal kulturan aparteko garrantzia irabaziz.
Eskultore paperarekin lortu zuen Basterretxeak gehienbat ospea, baina bere ekimen artistikoa askoz ere oparoagoa izan zen, marrazkigintzatik hasi zuen bere bidea, eta hortik kartelgintzara, eskulturagintzara, collagetara, arkitekturara, diseinu industrialera edota zinemara ere pasa zen, barne inpultsu eta kuriositatea asetzearren.
Alabaina, artistaren alde desberdin guztiak ez dira era berdinean ikertuak izan; Nestor Basterretxearen proiektu asko aztertu gabe daude oraindik, fama lortu zuten beste lan askorekin gertatu ez den bezala. Oraingoan, ikertu barik aurkitzen den hutsune horietako bat betetzen saiatuko gara, alegia azken zahartzaro urtean burututako obraren atal batena.
Aipatzen dugun hutsartea osatzeko, artista berak azken urteetan emandako elkarrizketak izan ditugu batik bat iturri nagusi, haietan adieraziko baitzuen Nestor Basterretxeak bere arte berriaren nondik-norakoak, baita urduritzen zuten kezka pertsonalak. Hala iritsiko gara 2014 urtean burutu zituen collageak interpretatzera, izan ere collagea, marrazkigintzarekin batera, azken urteetako teknika erabiliena izan zuen. Horregatik, collagearen aukeraketaren zergatia lanaren protagonistetako bat bihurtuko zaigu, eta bestalde, artelan hauetan aurkituko ditugun formetan ere zentratuko gara, izan ere esanguratsua izango da artistak zirkulu formari eskainitako arreta berezia. Hortaz, zirkunferentziaren hautaketaren jatorria, adierazkortasun xedea eta honen atzean aurkitzen dugun artistaren interpretazio pertsonala ere gehituko dugu ikerketan. Bizitzako azken obretan zentratzearekin batera, guztiarekin artistaren ibilbidea nolabait borobiltzen ahaleginduko gara, hots, gure obrak aurreko garaietako arte jarduerekin erlazionatuz, traiektoria emankor baten ikuspuntu holista, osatua planteatu nahian.