Ikusizko itzulpena euskara-gaztelania norabidean. Euskal interpreteen errealitatea hiru arlotan: konferentzietan, instituzioetan eta justizian
Abstract
Izenburuak argi dioen bezala, euskaratik gaztelaniarako ikusizko itzulpena izango da lan deskriptibo honen ardatza. Bi dira nagusiki lan honen bitartez lortu nahiko genituzkeen helburuak: batetik, euskal interpreteen errealitatearen zertzelada batzuk ematea hiru arlotan (konferentzietan, instituzioetan eta justizian), eta, bestetik, euskara-gaztelania hizkuntza-konbinaketan ikusizko itzulpenari buruzko bibliografia propio bat sortzen hasteko lehen urratsak ematea, ikusizko itzulpena euskal interprete profesionalen errealitatean oso presente baitago.
Horretarako, aurkezpentxo orokor bat egin eta erabilitako metodologia azaldu eta gero, marko teoriko batekin emango diogu hasiera gure lanaren muinari: hasteko, ikusizko itzulpena zer den definituko dugu, eta, jarraian, ikusizko itzulpenaren bi funtzioak (funtzio komunikatiboa eta funtzio instrumentala) aztertuko ditugu laburki. Gero, marko teorikoari amaiera emateko, euskara-gaztelania konbinaketak dituen berezitasunei erreparatuko diegu.
Euskal errealitatearen azterketan sartuta, konferentzietako, instituzioetako eta justiziako interpreteen egoera zein den zehazten saiatuko gara, hamalau interpreteri egindako elkarrizketen bitartez. Gure ikerlana funtzio komunikatiboan zentratu da bereziki, baina ez dugu funtzio instrumentala baztertu nahi izan. Zehazki, bederatzi galdera planteatu dizkiegu gure elkarrizketatuei (horietariko bakarra izan da funtzio instrumentalari buruzkoa), eta aztertutako hiru arloak kontuan izanik, galdera bakoitzeko ondorio bat aterako dugu bukaerako atalean. Bederatzi ondorio zehatz horiez gain, beste hiru ondorio orokorrago ateratzeko gai ere izan gara, beraz, ikerketa-lan oparoa izan dela esatera ausartuko ginateke.
Momentu aproposa da azpimarratzeko gai honen inguruko lehen zertzelada batzuk ematea dela gure asmoa; horrenbestez, jakitun gara gure ondorioen behin-behinekotasunaz, lagin txikia erabili baitugu gure hipotesiak formulatzeko. Hala ere, oso interesgarri generitzoke etorkizunean ikerketa-ildo honetan ikertzen jarraitzeari eta ahal beste sakontzeari, interprete profesionalek beren eguneroko lanean aurkitzen baitute ikusizko itzulpena.
Lanari amaiera eman baino lehen, erreferentzia bibliografikoen atalean marko teorikorako baliatutako materialak bildu ditugu, eta, azkenik, ez dugu lana bukatutzat eman nahi izan gure ikerketarako ezinbesteko izan zaizkigun hainbat dokumentu atxiki gabe. Eranskinetako dokumentu gehienak interpreteek emandako dokumentu originalen kopiak dira, eta ikusizko itzulpenak egiteko idatzizko testuak nola prestatzen dituzten erakusten dute. Begi bistakoa da interprete bakoitzak bere sistema propioa duela, baina, arretaz begiratuta, badaude beste hainbat ezaugarri komun ere, euskaratik gaztelaniara aldi berean irakurri eta itzultzeko ezinbestean markatu behar direnak. Beharbada bertan aurkituko dugu euskaratik gaztelaniara ikusiz itzultzeko sekretuaren giltza.