Lazarraga eta Betolazaren izen morfologiaren azterketa
View/ Open
Date
2017-11-23Author
Manso Ordeñana, Mikel Sebasten
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honetan Betolazaren eta Lazarragaren izen morfologia aztertu eta konparatu dira. Arabako euskararen azterketa berantiarra izan da, XX. mendera arte lekukotasun gutxi izan baitira. Betolazaren 1596ko doktrina luzaroan galdurik egon zen, eta haren autoretza eztabaidatua izan da. Orain dela hogeita hamar urte arte ez da jakin Arabako euskararen lekukotasuna dela, Bilbokotzat hartu izan baitzen. Bestalde, Lazarragaren eskuizkribua 2004 arte ezezaguna izan da, baina ordutik hona Arabako euskara ezagutzeko iturririk esanguratsuena izan da eskuizkribuaren antzinatasunagatik eta hedaduragatik. Betolazaren doktrina eta Lazarragaren eskuizkribua XVI. mende amaierakoak dira, eta elkarrengandik gertu dauden Araba iparraldeko Betolatza eta Larrea herrietakoak direnez, bereziki interesgarria suertatzen da konparaketa. Beraz, idazle hauen hizkerek ageri dituzten berezitasunak ezagutzeko asmoaz, izen morfologia hautatu da azterketa konparatiboa egiteko. Betolazaren doktrinaren luzerak gai honen hautapenean eragin du, idatzitako 14 orri dituen doktrinak eta haren edukiak ez baitute hizkuntzaren beste ezaugarri batzuen adibide nahikorik ageri.
Esan bezala, lan honen helburu nagusia Lazarraga eta Betolazaren izen morfologia aztertzea eta konparatzea da, batak eta besteak erakusten dituzten berezitasunak identifikatzeko eta Arabako euskararen ezagutzan aurrera egiteko. Helburu hau betetzeko, autore bakoitzaren artikulu eta deklinabide-atzizkien formak bildu dira, eta kasuaren arabera sailkatu dira. Kasu hauen formen deskribapena egin ondoren, azterketa konparatiborako interesgarrienak diren kasuak sakonki aztertu dira: ablatiboa, prosekutiboa, motibatiboa, soziatiboa eta instrumentala. Emaitzen analisia eta interpretazioa adituek eskainitako informazioaz osatu da, eta aurkitutako zenbait ezaugarri bereziren azalpen posibleak planteatzen dira.
Lan honek erakusten du Lazarraga eta Betolazaren deklinabide-atzizkiak oro har oso antzekoak direla. Soziatiboan eta ablatiboan aurkitu dira alderik nabarmenenak, eta berezitasun handiena ageri duen kasua motibatiboa dela antzeman da, bi idazleek forma berezi eta beretsuak ageri baitituzte. Horrez gain, bi autoreen testuetan, pluralaren berezko atzizkien gabezia aurkitu da zenbait kasuetan. Honen ondorioz, bi idazleen hizkeran forma plural hauek adierazteko zenbait bide erabiltzen direla erakutsi da.
Lan hau egitean zenbait galdera sortu dira, eta galdera hauei erantzun diezaieketen azalpen posibleak eman dira, nagusiki soziatiboaren eta instrumentalaren arteko nahasketa eta pluraltasunik erakusten ez duten atzizkien formen gainean.