Oculto sendero. Elena Fortúnen eleberri autobiografikoa: emakume baten bildungsroman
View/ Open
Date
2017-11-23Author
Uribetxeberria Azpiroz, Ane
Metadata
Show full item recordAbstract
Eskuartean duzuen lanaren xedea Elena Fortúnen Oculto sendero eleberri autobiografikoaren azterketa bat egitea da bildungsroman literatura azpigeneroan kokatzen dela baieztatzeko, izan ere, azpigeneroari aho batez dagozkion ezaugarriak oso bistakoak dira eleberrian. Hasierako sarreraz eta bukaerako ondorioez gain, lana hiru atal nagusitan dago banatuta: bi atal teorikoak dira eta bestea liburuaren azterketa.
Sarreraren ostean, bigarren atalean, bildungsroman literatura azpigeneroaren gerturatze historiko eta teoriko bat egingo da, azpigeneroaren jatorria eta sorreraren arrazoiak aipatuko dira labur eta bere ezaugarriak nabarmenduko dira bereziki. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi atal hori garatzeko orduan liburu bat izan dudala batik bat bide-lagun, hark lagundu baitit bildungsroman azpigeneroaren lehen irudi bat jasotzen hasieran, eta korrontean gehiago sakontzen, ondoren. Gauzak horrela, derrigorrezko iruditu zait laburpen honetan aipatzea bigarren atala idazteko María de los Ángeles Rodríguez Fontelaren La novela de autoformación. Una aproximación teórica e histórica al “bildungsroman” desde la narrativa hispánica liburua hartu dudala gehienbat oinarritzat, bildungsroman azpigeneroaren inguruko lan bereziki osatua baita. Lehen gerturatze horretatik abiatuz, nire lanarekin bat datorren marko teoriko zehatzago bati helduko diot. Hala, bigarren ataleko lehen azpiatalean emakumeek idatzitako bildungsromanen inguruan arituko naiz, maiz gizonezkoenen oso bestelakoak direlako. Ondoren, bigarren azpiatalean, eleberri autobiografikoa definitu eta haren ezaugarriak aipatuko dira labur, batetik, bildungsroman azpigeneroa era borobil eta bikainenean garatzea ahalbidetzen duen generoa delako eta, bestetik, aztertuko dugun obra genero horretan bertan koka dezakegulako.
Behin bildungsroman azpigeneroa aurkeztuta, hirugarren atalean Oculto sendero eleberrian jarriko dut arreta. Hiru azpiatal desberdindu ditut: lehenengoan Elena Fortúnen biografia aztertuko da; ondoren, Oculto sendero eleberria aurkeztuko da eta, azkenik, eleberria autobiografikotzat jotzera bultzatzen gaituzten arrazoiak aurkeztuko dira, bigarren atalean azaldutako ezaugarriak oinarritzat hartuta eta eleberriko protagonistaren eta idazlea beraren biografia alderatuz.
Lanaren bigarren atalean plazaratutako ideiak izan dira laugarren ataleko zati praktikoa aurrera ateratzeko euskarri, bertan aipatutako ezaugarrietan oinarritu bainaiz Oculto sendero bildungsroman bat baieztatzeko. Horretarako, laugarren atalean banaka aztertuko dut azpigeneroaren ezaugarri bakoitza eta ezaugarrion adibide gisa eleberriko hainbat esaldi ekarriko ditut lanera.
Amaitzeko, ondorioen atalean, eginiko azterketatik ateratako ondorioak aurkeztuko dira. Bestalde, azken orrietan lana burutzeko erabili den bibliografia dago eskuragarri.