Ovidioren "Heroides. Libri VII-XII" testuaren euskarazko itzulpena eta oharrak
View/ Open
Date
2017-11-23Author
Zurutuza Irastorza, Ane
Metadata
Show full item recordAbstract
info:eu-repo/semantics/openAccess Gradu Amaierako Lan honen helburua Ovidio autorearen Heroides obraren zati bat euskaratzea da. Heroides fikziozko eskutitz bilduma bat da; hain zuzen ere, mitologia eta literatura klasikoko pertsonaiek haien maiteei idatzitako eskutitzen bilduma. Honako lan honek, zehazki, VII-XII eskutitzak landuko ditu. Itzulpena egitean buruan izan dudan hartzailearen profila literaturazale kultuarena da, latinik ez dakiena; betiere jatorrizko testua ahalik eta gehien errespetatuz, itzulpena hizkuntza ulergarria erabiliz egiten saiatu naiz. Aipatutako irakurle potentzial horrek ez du zertan mitologia klasikoari buruzko jakintza handirik izan behar; hori ikusita, eta testua ahalik eta hoberen ulertzeko, oin-oharrak gehitu ditut hainbat zatitan, erromatar kultura eta mitologiari buruzko nozio minimo batzuk emanez. Oin ohar horiek txertatzeko erabili dudan irizpidea ondorengoa izan da: ni ere mitologian eta literatura klasikoan aditua ez naizenez gero, kontsultatu behar izan dudan kontzeptu ororen azalpen txikia egin dut. Ovidioren testua, noski, latinez idatzita dago. Nik ez dakit latinik, eskolan urte bakarra eman bainuen; horregatik, ezinezkoa izango zen niretzat itzulpena jatorrizko testutik egitea. Zubi-hizkuntzak erabili behar izan ditut; hain zuzen ere, gaztelaniazko bat eta ingelesezko bat. Batez ere gaztelaniazkoa izan dut oinarri, latinezkotik oso gertu baitzegoen. Bertsio horretan, edukia latinetik gertu mantentzeari eman diote lehentasuna, formaren edertasunaren gainetik. Ingelesezkoan, berriz, itzultzaileak era libreagoan itzuli du. Gainera, itzulpena 1914. urtekoa da; beraz, nahiko librea izateaz gain, ez zen ulertzeko bereziki erraza. Hala ere, beti izan dut aurrean latinezko bertsioa, eta zalantzaren bat sortu zaidanean, saiatu naiz, hiztegia baliatuz, esaldien esanahia latinezko bertsiotik ateratzen. Heroides testu poetiko bat da, eta neurtitzetan dago idatzita. Lana hasterakoan hartu behar izan nuen erabakia neurtitz horiek mantendu edo ez mantentzearena izan zen. Tutorearen gomendioak jarraituz, nik prosaz itzultzea erabaki nuen, aurrerago azalduko ditudan arrazoien ondorioz. Paragrafoak zatitzeko, gaztelaniazko prosazko bertsioak zekarren egitura berbera mantendu dut. Lanaren egiturari dagokionez, hainbat zatitan banatu daiteke. Hasteko, Ovidiori buruzko oinarrizko informazioa txertatu dut. Bere bizitzari buruz aurki daitekeen informazioaren laburpena, batetik; bere obrari buruzko oinarrizko datuak, bestetik; 2 itzulpena hobeto ulertzeko, ezinbestekoa baita autorea eta bere obra ezagutzea, gainetik bada ere. Ondoren, itzulpen prozesuari buruzko iruzkina egin dut; bertan, itzultzen hasi aurretik egindako testuaren azterketari buruz aritzen naiz; itzulpen prozesuan zehar sortutako arazoak eta horiei emandako konponbideak azaltzen dira. Hurrengo zatia itzulpena bera da, lanaren zati luze eta garrantzitsuena. Bukatzeko, erabilitako iturrien bibliografia txertatu dut.