Janariaren lorpenean eta prozesamenduan parte hartzen duten zenbait organoen alometria konparatua molusku bibalbioetan
View/ Open
Date
2018-04-18Author
Larrañaga Agirreurreta, Mikel Joseba
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Cerastoderma edule, Mytilus galloprovincialis eta Ostrea edulis gure itsasbazter eta estuarioetan oso arruntak diren bibalbio espezieak dira eta etengabeko lehian bizi dira bizileku eta elikagaiengatik. Lan honetan elikagaien lorpena eta prozesamenduarekin zerikusia daukaten desberdintasun morfologiko zein funtzionalak aztertu dira hiru espezie horien artean eta urtaroen artean espezie mailan. Horretarako hiru organoen (brankia-azalera (BA: mm2), digestio-guruinaren pisu lehorra (Wdg: mg) eta muskulu abduktorearen pisu lehorra (Wm: mg)) erlazio alometrikoak egin ziren pisu lehor totalakiko (Wtot: mg) Urdaibai Biosfera Erreserbako estuariotik lagindutako tamaina desberdinetako aleekin udan eta neguan. Neguko laginketatik beste 10 banako hautatu ziren espezie bakoitzetik aklaramendu-tasak (AT: l h-1) neurtzeko. Erlazio alometrikoak ondorengo ekuazioaren bitartez adierazten dira: Y = a Xb, non “a” proportzionalitate-konstantea eta “b” masa-esponentea dira. Udako laginketari dagokionez, desberdintasun esangarria aurkitu zen brankia-azaleren b balioen artean: O. edulis espeziearena (0,747) handiagoa zen eta C. edule eta M. galloprovincialis espezieenak (0,46) berdinak ziren. Muskulu abduktorearentzako b balio komuna (0,996) eta digestio-guruinarentzako b balio komuna (0,718) kalkulatu ziren. Proportzionalitate-konstanteak desberdinak ziren brankia-azaleren artean ondorengo ordenan: M. galloprovincialis > C. edule > O. edulis. Muskulu abduktorearen proportzionalitate-konstanteen artean ere desberdintasun esangarria zegoen: M. galloprovincialis > C. edule > O. edulis. Digestio-guruinean, soilik C. edule eta O. edulis espezieen artean zegoen desberdintasuna proportzionalitate-konstanteen artean. Neguko laginketan, C. edule espeziearen b balioa (0,37) eta O. edulis espeziearen b balioa (0,569) ziren elkar desberdinak BAri dagokionez. Muskulu abduktorearentzako b balio komuna (0,957) eta digestio-guruinarentzako b balio komuna (0,826) kalkulatu ziren. Desberdintasun esangarria zegoen brankia-azaleren proportzionalitate-konstanteen artean ondorengo ordenan: M. galloprovincialis > C. edule > O. edulis. Muskulu abduktorean desberdinak ziren hiru ebakitze-puntuak: O. edulis > C. edule > M. galloprovincialis. Digestio-guruinari dagokionez, O. edulis espeziearen proportzionalitate-konstantea (0,444) zen gainontzekoetatik desberdina eta C. edule eta M. galloprovincialis espezieentzako ac (0,247) kalkulatu zen. Urtaroen arteko erkaketen datuei erreparatuz, C. edule espeziearen brankia-azalera bikoitza zen udan, O. edulis espeziearena %23,4 handiagoa zen udan eta M. galloprovincialis espeziean ez zen alderik behatu. Muskulu abduktorean, soilik M. galloprovincialis espeziean behatu zen diferentzia, udan ia bikoitza zuelarik. Digestio-guruinari dagokionez, hiru espezietan handiagoa zen organo hau udan. Azkenik, neguko laginketan ez ziren desberdintasun esangarririk urkitu aklaramendu-tasen artean eta b balio komuna (0,818) eta proportzionalitate-konstante komuna (0,0264) kalkulatu ziren hiru espezieentzako.