Asmaren eta Hortz txantxarraren arteko lotura bilboko metropoliko haur-populazio batean.
View/ Open
Date
2017-07-07Author
Abaitua Beica, Ainhara
Metadata
Show full item recordAbstract
Haurren artean prebalentzia handiena duten gaixotasun kronikoetako bi dira asma eta txantxarra. Kontuan hartu behar da asma duten haurren organismoa ez dagoela gaixotasunaren eraginen mende soilik, hura tratatzeko behar diren medikamentuen mende ere badagoelako. Asmak eta haren aurkako medikazioak ahoko osasunean dituzten eraginei buruzko txosten kontraesankor ugari daude, eta, hala ere, asmak ahoko osasun txarra izatea eragin dezakeenaren hipotesia proposatu da. Azterlan honen xedea izan da ikertzea ea asmak eta haren aurkako medikazioak txantxar-arriskua areagotzen duten asma moderatua/larria duten eta Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) tratamendu jarraitua jasotzen duten 6 eta 14 urte bitarteko haurren artean.90 umez osatu zen lagina: 45 asmatikoak ziren, eta beste 45ak, berriz, ez-asmatikoak. Adinaren arabera parekatu ziren. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) irizpideekin bat, ikerlari bakarrak ebaluatu zituen hortzetako txantxarraren CAOD/caod indizeak eta enamelaren asalduren eta/edo opakotasunen presentzia. Listuaren parametro klinikoak ere baloratu ziren, hala nola hidratazioa, biskositatea, pH-a, estimulatutako listuaren bolumena eta indargetze-ahalmena, GC Saliva-Check Buffer kit in vitro testa erabiliz. Listuaren parametroak eta txantxar-indizeak asmaren larritasunaren eta medikazioarekin lotutako parametroen (inhalazio-sistema, medikazio mota, esposizio-denbora, uneko dosia eta hartualdi-unea) arabera ebaluatu ziren. Galdetegi egituratu bat eta OMEk sortutako haurren eta nerabeen ahoko osasunari buruzko inkesta ere erabili ziren zenbait faktore nahasgarri aztertzeko, hala nola medikazioa hartu ostean ahoa irakuztea, aho bidezko arnasketa, dieta-ohiturak, aho-hortzetako higienea, odontologoarenera egindako bisitak, gurasoen ahoko osasuna, maila sozioekonomikoa, amagandiko edoskitze luzea eta fluoruroekiko esposizioa.Azterlan honetan parte hartu duten haur asmatikoek CAOD indizearen balio handiagoak dituzte kontrol-taldekoek baino, baina balioak ez ziren esangura estatistikora iritsi; azterketa-taldearen CAOD indizea kontrol-taldearenaren bikoitza izan zen, haur asmatikoen batez besteko balioa 0,53 (DE 1,16) izan zelarik, eta kontrol-taldekoena, berriz, 0,22 (DE 0,53). Alabaina, emaitza horiek ezin izan ziren aldi baterako hortzeriara (caod) estrapolatu, ez baitzen alderik egon bi taldeen artean. Enamelaren hipoplasien kopuruari dagokionez, balio nabarmen handiagoak atera ziren asmatikoen taldean (P=0,01554). Paziente asmatikoek listuaren biskositate nabarmen handiagoa dute (p=0,00182), eta listuaren pH-a nabarmen txikiagoa (p=0,0148) kontrol-taldekoek baino. Medikazioarekiko esposizio-denborak lotura nabarmena du listuaren pH-a murriztearekin (p=0.033). Hauts lehorreko inhalagailuek gehiago lehortzen dute ahoa batez besteko dosiko inhalagailu presurizatuek baino (p=0,004525). Haur asmatikoen ahoko osasuna baldintzatzen duten nahaste-faktoreak honako hauek dira: amen ahoko osasun txarra, dieta keriogenikoagoa izatea eta odontologoarenera bisita gutxiago egitea.Behin aldagai horiek guztiak aztertuta, ondoriozta daiteke asmak, gaixotasunaren beraren edo haren aurkako farmakoterapiaren bidez, behin betiko hortzerian txantxarra izateko arriskua areagotzen duela.