Abangoardiak eta balleta: Kubismoaren bi lagin agertokian
View/ Open
Date
2018-12-03Author
Bedialauneta Egurrola, Antigua
Metadata
Show full item recordAbstract
Europako bihotzean XIX-XX. mendeen arteko igarobideko gertakari historiko, sozial eta ekonomikoak talka egin zuten artearen eremuan eszenatokietan bizitzen ari ziren aldaketekin eta arte plastikoen eremuan abangoardia historikoen eztandak erakarri zuen aniztasun eta joritasunarekin. Iadanik XIX. erdialdera Wagnerek plazaratutako Gesamtkunstwerk edo “artelan totala”ren kontzeptua esperimentatzeko zirkunstantzia bateratze aproposa eman zen. Trumilka agertutako abangoardien ausardiak ahalbidetu zuen adierazpen artistiko desberdinen elkarreragin eta osmosia gauzatzea, akademizismotik jarauntsitako lokarrietatik askatuz, artearen ohiko paradigmak hankaz gora jarriz, paradigma finkorik ez zegoela aldarrikatuz. Iraultza horren aitzindaria, aurreko guztian arrakala zabaldu eta benetako haustura markatu zuena Kubismoa izan zen. Hori dela eta, bi artista kubista handik ballet ikuskizunetan izandako esku hartzearen bi laginik esanguratsuenak izango dute protagonismo nagusia GrAL lan honetan: batetik, Errusiar balletaren eskutik taularatutako Picassoren Parade eta bestetik, Suediar balletaren konpainiak ezagutzera emandako Légeren La Création du Monde, alegia. Bi obra horiek zenbait elementu partekatzen badute ere, beste hainbat aspektuetan oso desberdinak dira Picasso eta Léger kubistak izanik ere, bakoitzak modu desberdinean ulertzen eta adierazten baitzuen artearenganako zuen atxikimendua. Abangoardiak agertokietan lanean aritu ziren, espazio eszenikoak adierazpen artistiko anitzen sinergiak esperimentatzeko aukera iraultzailea ireki eta tradizio akademikoaren mugetatik askatzeko parada eskaintzen zuelako, balletaren izaera ibiltariak publiko zabalera iristea bermatzen zuelako, eta orohar ballet horien buruak abangoardiaren parte izan nahi zutelako eta obra poliedrikoak eskaini nahi zituztelako. Hamarkada baten ostean, balleten barnean gori-gorian garatutako literatura, musika, korerografia, pintura eta eskultura eta eszenografiaren arteko harreman emankorra ahultzen joan zen Bigarren Mundu Gerraren mamuak eragindako zirkunstantziak medio. Baina, artelan haien oinordekotzari esker Gerra amaitu eta lozorroan geratutako hazia balitz bezala Estatu Batuetan loratu zen berriro mugimendua John Cage eta Merce Cunnighamen ekimeni esker. Hortaz, XX. mende amaieratik XXI. Mendean zehar bilakatuz joan diren happening, performance, fluxus eta instalazio izenekin identifikatu diren ekoizpen artistikoak Parade eta La Création aitzindarien ondorengoak direla esatea zilegi da, hurbilago zaizkigun adierazpen artistiko horiek ere arte konpartimentatuen mugak gaindituz eta artearen desakralizazioa bultzatuz joan direlako, media artearen zabaltze izugarriaren bilakaerari esker edonora eta edonorengana iritsiz.