Album ilustratuen itzulpena ingelesetik euskarara: "Where the Wild Things Are" lana
Date
2018-12-03Author
Barrio Solé, Irene
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen helburua Maurice Sendak idazle eta ilustratzaile estatubatuarrak 1963an argitaratu zuen Where the Wild Things Are album ilustratuaren euskarazko itzulpena aztertzea da. Bertsio euskaratua originala baino ia mende erdi beranduago argitaratu zen, 2009. urtean, Piztiak bizi diren lekuan izenburuarekin. Koldo Izagirre izan zen itzultzailea, beraz, lan honetan bere itzulpen prozesuaren emaitza aztertuko dugu.
Aurrenik, ordea, album ilustratuak barne hartzen dituen sisteman jarriko dugu arreta: haur eta gazte literaturan (HGL). HGLa haurrei eta gazteei bideratutako literatura bada, generoa «haur» eta «gazte» kontzeptuei lotuta egongo da ezinbestean. Baina kontzeptu horiek aldakorrak izan dira historian zehar, honenbestez, HGLaren izaera ere aldakorra izan da. Gainera, idazle askok testu anbibalenteak sortu izan dituzte, hau da, ustez haurrei bideratutakoak, baina helduentzat soilik zuzendutako elementuak dituztenak. Gauzak horrela, zaila da esatea zer den HGLaren parte eta zer ez. Anbibalentziaren kontuaz gain, HGLa pedagogiarekin lotu izan da mendeetan zehar, eta faktore guztiek HGLak estatus apalagoa izatea eragin dute.
Zohar Shaviten ustez, behe mailako estatus horren ondorioz, itzultzaileek lizentzia gehiago hartu izan dituzte HGLa itzultzean helduen literatura itzultzean baino. Bere ustez, haurraren onerako den aitzakiarekin, ezabaketak, gehiketak eta moldaketak egin dituzte hainbat lanetan. Autorea aldaketa horien kontra ageri da. Jarrera horri kontrajarrita, Riita Oittinenen iritzia dugu. Berak zilegi ikusten du haurrei zuzendutako testuetan aldaketak egitea, baina aldaketa horien zergatia justifikatu badaiteke, eta zergati horren erdigunean hartzailea jartzen du, hots, haurrak. Publiko horren ulermen-mailari egokitu behar dira testuak, betiere umeen gaitasuna gutxietsi barik. Autoreak album ilustratuei ere aplikatzen die aburu hori. Gainera, testua eta irudiaren arteko harremana eta erritmoa hizkuntza batetik bestera igarotzearen garrantzia azpimarratzen du. Horretarako, ahoz gorako irakurketa gomendatzen du itzulpen prozesuaren barruan.
Euskal Herriko testuinguruari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu euskal HGL itzulia ere didaktikari oso lotuta egon dela hasieratik, haur eta gazteentzat euskaratu ziren lehen testuak alegiak baitira, hau da, irakaspen moral jakin bat transmititzeko istorioak. Hala eta guztiz ere, ez dugu funtzio pedagogikorik aurkituko aztergai dugun itzulpenean, jatorri testuak ere funtzio didaktikorik ez duelako. Sendaken aburuz, umeak sentimendu negatiboak, metaforak eta sinbolismoa ulertzeko gai dira, eta uste horren arabera egin zuen bere lana, haurren imajinazioa kitzikatuz. Horretarako, testu eta irudien arteko harreman kontrajarria erabili zuen batzuetan, bai eta erritmo kantariaren eta lauaren arteko nahasketa berezia.
Lehenengo elementua euskarazko bertsioan mantendu bazen ere, ezin dezakegu gauza bera esan bigarrenaz. Bi arrazoi posible egon daitezke horren atzean: euskararen berezko ezaugarriengatik ez zitzaiola itzultzaileari posible izan jatorrizko edukia eta aldi berean erritmoa euskaratzea; eta ez zela lanaren nolakotasunaz ehuneko ehunean kontziente, itzultzaile batek ezin duelako hain azterketa sakona egin bidaltzen dioten enkargu bakoitzeko.
Itzulpenaren azterketan eta itzultzaileari egindako elkarrizketetan ikusi dugunaren arabera, ondorioztatu dugu Izagirre ez zela lanaren erritmo kantariaz guztiz kontziente. Ez dirudi erritmo markatu bati jarraitzeko ahaleginik egon denik euskarazko pasarteetan, eta elkarrizketa batean, itzultzaileak esan zigun ez zegoela kanturik jatorrizko testuan. Hala ere, album ilustratuen itzulpenak suposatzen dituen zailtasunez jakitun da, eta plazera aurkitzen du hitz-jolasak, kantuak, errimak eta antzeko elementuak euskaratzeko erronkan. Itzulpen prozesuaz gozatzen du; itzulpenak bihotzez eta arretaz egiten ditu, eta hori ere baloratzea garrantzitsua iruditu zaigu.