Amatasunak arte garaikidean
View/ Open
Date
2018-12-03Author
Gardiel Unzueta, Leire
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honetan, arte garaikidean amatasunaren gaia nola lantzen den aztertu nahi dugu. Gaia heldu ahal izateko lana bi ataletan banatu dugu, ondorengo hurbilketa modua planteatuz: Lehen atalean, feminismoaren eraketa eta garapen orokor bat azalduko dugu, arte garaikidean emakumeek hartu duten garrantzia eta indarra ulertzeko ezinbestekoa dela pentsatzen dugulako. Teorilari garrantzitsuenetariko batzuen ekarpenaz baliatuko gara, emakumeek gizartearekiko hartuko duten konpromisoa eta artean irekiko den begirada berria ulertu ahal izateko. Mugimenduaren barnean sortu diren adar desberdinak aipatuko ditugu eta bakoitzaren berezitasunen bat azaleratuko dugu. Zehazki, berdintasunaren aldeko feminismoa, ezberdintasunaren aldekoa eta sozialistaz arituko gara, egun ematen ari den korrontean amaitzeko.
Emakumeek, artean, amatasunari eskaini dizkioten lanen errepaso txiki bat egingo dugu, Louise Bourgeois, Mary Kelly, Marina Abramovic, Tracey Emin eta Ana Álvarez-Errecalde-ren artelanen bitartez, gaiaren estetika narratiboek jasan duten aldaketa azkarraren kontzientzia izan eta emakumeen ahalmentze prozesuaren lekukotza izateko.
Bigarren atalean, egungo amatasunak agerian jarriko ditugu arte garaikidearen bitartez. Honetarako, lau azpi atal irekiko ditugu. Gai bera abiapuntu izanik lanek hartzen duten noranzko ezberdinak azaleratzea interesatzen zaigu eta aniztasunaren garrantzia azpimarratzea. Pello Ulazia-ren obrak, Isilean, aitatasunaz, maskulinitate berriez eta berdintasunaz hitz egingo digu. Maria Llopis-en Maternidades subversivas liburua aitzakia, post-pornoaren mundua ezagutuko dugu, ezberdintasunaren aldeko feminismoak sexuarekiko duen konpromisoa amatasun denboraldira zuzentzen baitu. Ana Casas-en Kinderwunsch lanak etxeko esparru pribatua, ama-seme erlazioak eta norbanakoaren barne pentsamenduak ikustera gonbidatuko gaitu. Eta azkenik, Offmothers taldeak, elkar lanaren indarra eta garrantzia azaleratuko digu. Amak diren artista talde honen proiektuak arduren partekatzea gizarte osoaren erantzukizuna dela erakutsiko digu.
Amaitzeko, lanaren ideia nagusien errepasoa egingo dugu hausnarketa eta ondorioei bidea irekiz. Lanetik ateratzen ditugun gogoeta aipagarrienak honakoak lirateke: emakumeek gorputzaren bitartez espresatzeko modua aurkitu dutela, honek duen ahalmen estetikoaz baliatuz; eta aniztasuna ikustaraztearen garrantzia ezinbestekoa
3
dela gizarte tolerante eta konprometitu bat eraikitzeko, berdintasuna eta errespetua denon partaidetzarekin lortuko baitugu.