Eskoziako gaelikoa: iragana eta oraina
View/ Open
Date
2018-12-03Author
Agirrezabal Etxeberria, Miren
Metadata
Show full item recordAbstract
Jarraian aurkeztuko dudan Gradu Amaierako Lanaren helburu nagusia Eskoziako gaelikoaren iragana eta oraina aztertzea izan da. Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko ikasle naizenez, ez da harritzekoa hizkuntzekin lotutako gai bat jorratu izana, betidanik izan baitut hizkuntzenganako interesa. Gainera, euskal itzultzaile izango naizen aldetik, euskara ez den eremu urriko beste hizkuntza baten historia aztertzea lan interesgarria izan da.
Metodologiari dagokionez, Umberto Eco-ren Cómo se hace una Tesis liburua izan da oinarria, eta hor ematen dituen argibideei jarraituz osatu da egitekoa. Lan hau ikerketa batean emaitza izan da. Lehenik eta behin, Europako eremu urriko hizkuntza bat aukeratu behar izan nuen, eta behin hautatutakoan lanari ekin nion. Aukeratutako hizkuntza Eskoziako gaelikoa izan zen. Aditu desberdinen liburuak informazio iturri nagusia izan dira. Gaian aditu diren ikerlariengana ere jo dut lana osatu asmoz informazioa bilatzeko, beraz, iturri desberdinak erabili ditut. Lehenengo bi ataletarako batez ere liburuetara jo dut, eta hirugarren eta laugarren atalak osatzeko, berriz, artikuluetara, ikerlariengana eta erakundeetara.
Lehenengo atalean XVIII. mendera arte Eskoziako gaelikoak izan duen garapena aztertuko da, eta gizarteko alor desberdinak uztartuko dira, esaterako, hezkuntza, erlijioa eta abar. Aipatzekoa da XI. mendean gertatu zen gaelikoaren beherakada Eskozian Malcolm eta Margaret tronuan zeudela. Horiek ingelesaren aldeko jarrera zutenez, orduantxe beherakada hasi zen.
Bigarren atalean XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko hizkuntzaren garapenean arreta jarriko da, aurreko atalean bezalaxe alor desberdinen inguruan azalpenak emanez. Garai honi buruz zerbait aipatzekotan XVIII. eta XIX. mendeetan Eskoziako Highlands-etan, edo gaelikoz A’ Ghàidhealtachd (Eskoziako Goierri) gertatu zen behartutako lekualdatzea da. Lekualdatze horiek Highland Clearances moduan ezagutzen dira, edo gaelikoz Fuadach nan Gàidheal. Gaelikoak bertan zuenez indar gehiena, hizkuntzaren kalterako suertatu ziren Highland Clearances. Ahaztu gabe 1872. urtean hezkuntzan ezarri zen legea, zeinak gaelikoa ikasgeletan debekatu zuen, modu horretan hizkuntzaren beherakada azkartu zen.
Ondoren, Eskoziako gaelikoaren gaur egungo egoera aztertuko da, eta gizarteko esparru desberdinen inguruan arreta jarriko da: erakundeak, komunikabideak, hezkuntza eta teknologia. Atal hau osatu ahal izateko, liburuetara baino gehiago, elkarteen web orrialdeetara jo dut, eta, aipatu bezala, elkarte eta aditu desberdinekin harremanetan jarri naiz. Horrek gaur egungo egoeraren berri izateko parada eman didalarik. Honakoak dira lanean aipatuko diren elkarteak: Eskoziako Alderdi Nazionala, Eskoziako Parlamentua, Scotland Education eta Oban Times; baita teknologian eta eremu urriko hizkuntzetan aditu den Michael Bauer ere.
Lanaren hipotesia hizkuntza eta nazionalismoa oso lotuta egon ohi diren bi termino direla da, baina, Eskoziak indar handia duen nazionalismoa badu ere, nazionalismo horrek, ez dio ia garrantzirik ematen euren hizkuntza eta kulturari. Horren inguruan arituko naiz, hain zuzen ere, lanaren laugarren atalean. Bertan bi nazionalismo mota bereiziko dira (nazionalismo “zibikoa” eta nazionalismo “etnikoa”), eta Eskoziako nazionalismoaren kasua garatuko da, zeina herritarren borondatean oinarritzen den. Ondoren, lan honetan atera ditudan ondorioak aurkeztuko ditut, baita erabilitako iturriak ere.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot nire Gradu Amaierako Lanaren zuzendariari, Xabier Zabaltzari. Bere laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke lan hau aurkeztu dudan moduan egitea. Gai honetan berak duen ezagutza eskaini eta laguntzeko prest azaldu da momentu oro, bai posta elektronikoaren, bai tutoretzen bitartez. Era berean, eremu urriko hizkuntzen inguruko bibliografia zabalean informazio egokia bilatzen lagundu dit.