Euskararen ergatibitateaz
View/ Open
Date
2018-12-03Author
Maritxalar Errandonea, Idoia
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen helburua azken 30 urteotan euskal ergatibitatearen inguruan, batez ere gramatika sortzailearen barruan, plazaratu diren ideia eta hausnarketen sintesi kritikoa egitea da. Bai euskal hiztunok eta bai gramatika deskriptibo batzuek (EGLUk 1991, A grammar of Basque-k 2003, de Rijk-ek 2008 eta Sareko Euskal Gramatikak) euskara ergatibotzat hartu izan dute, baina adituen artean ikuspegi ezberdinak daude ergatibitatearen nondik-norakoak definitzerako orduan. Alde batetik, ergatibitatea egiletasunarekin lotzen dutenak daude. Levinek (1983) euskararen NOR Aditzen Hipotesiaren bidez euskararen ergatibitatea egile rolarekin lotzen du, eta euskara hizkuntza aktibotzat hartzen. Ortiz de Urbinak (1989) hizkuntza ergatibo-absolutibotzat du euskara, eta gainerakoan, Levinen (1983) proposamenarekin bat egiten du. Baina hori bai: azken honek azaldu ezin duen subjektutasunaren arazoari azalpena topatzen dio Ortiz de Urbinak (1989). Laka (2006) ere bat dator Levinen (1983) ikuspegiarekin, baina horretaz gain, ergatibitatea berezko kasuari lotu beharrekoa dela aipatzen du. Bertzetik, ergatibitatearen ikuspegi formalaren alde egiten dutenak daude; hau da, ergatibitatea argumentu kopuruarekin edo egiturazko kasuarekin lotzen dutenak. Lakak (1993a) ergatibitatea Nahitaezko Kasuaren Parametroarekin erlazionatuta dagoela erraten du, eta ondorioz, ergatiboa agertzeko absolutiboa ere egotea ezinbertzekoa dela. Fernándezek (1997) ere Lakaren (1993a) azterbidea jarraitzen du, baina horretaz gain, aditz ezergatiboen analisi xeheago baten berri ere ematen du. Rezac, Albizu eta Etxepareren (2014) erranetan, ergatibitatea ez dago derrigorrez egiletasunari lotuta: Denbora kategoriari loturiko egiturazko konfigurazio batzuen menpe dago. Bada goiko bi ikuspegi multzoen tartekorik ere. Oyharçabalen (1992) iritziz, hizkuntza ergakusatiboa da euskara: ergatiboa berezkoa du eta absolutiboa egiturazkoa. Horretaz gain, aipatzen du absolutibo kasua osagarriari zein subjektuari lotuta egon daitekeela. Bertzalde, aldakortasun dialektala eta ergatibitatea uztarturik, Levinen (1983) Nor Aditzen Hipotesiak ez du euskararen funtzionamendu orokorra azaltzen, mendebaldeko eta erdialdeko kasu-sistematik hurbilago baitago ekialdekotik baino. Lakak (2006) ere ez ditu ekialdeko hizkerak kontuan hartzen, baina irakurlea horretaz ohartarazten du. Oyharçabalek (1992), iparraldekoa izaki, kontuan hartzen ditu iparekialdeko hizkera horiek. Horretaz gain, Berrok eta Etxeparek (2017) aditz motak eta subjektuak hizkerekiko erlazioan jartzeko sailkapen bat proposatzen dute. Aldaik (2010), bere aldetik, euskalkien arteko aldeak aurkitzeko asmoz, aditz inergatibo bakunen gaineko azterketa bat egiten du. Ergatibitatearen gaineko ikuspegiak eta aldakortasunaz errandakoak kontuan harturik, honelaxe definituko nuke euskararen ergatibitatea: batetik, euskara morfologikoki ergatiboa eta sintaktikoki akusatiboa da; bertzetik, egiletasunari lotuta agertzen zaigu mendebaldeko hizkeretan batez ere, baina salbuespenak topatzen ditugu ipar-ekialdeko hizkeretan; azkenik, ergatiboa berezkoa dela erratea ezinezkoa egiten zait horren kontrako argudioak ugari baitira; baina, aldi berean, egiturazkoa dela errateak ere arazoak sortzen dizkit, absolutiboak beti ez baitu ergatiboa agertzea baldintzatzen