Performanceak arte bildumetan
View/ Open
Date
2018-12-04Author
Arranz Bombín, Marina
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honek performance eta bildumen arteko erlazioa izango du mintzagai; hau da, performancearen natura iragankorra nola uztartzen den bildumatzearen kontzeptuarekin. Performance artean artistak bere gorputza erabiltzen du artelana sortzeko, ekintzen bitartez, hauek une eta leku jakin batean soilik jazotzen direlarik, ondoren desagertuz. Galkortasun horrek oztopo ugari ekartzen dizkio performanceari etorkizunari begira, izan ere, nola mantendu daiteke orainean soilik existitzen den adierazpen artistiko bat? Are gehiago, artistaren presentzia ezinbestekoa da performancetan, presentzia hori delako ekintzaren oinarria, beraz, posible al da artelana artistarengandik independenteki existitzea? Eta, galdera horiekin erlazionaturik, nola bihurtu daiteke performancea museo baten bildumen zati? Aipatzekoa da hasiera batean artistek galkortasun hori bilatzen zutela, orainean soilik existitzen zen artelan bat sortzea, merkatu eta museoetatik kanpo mantentzeko nahiarekin. Izan ere, performancearen garapen nabarmenena eman zen garaian, 60. eta 70. hamarkadetan zehar, tradizionalki nagusitutako sistema artistikoaren aurka joatea izan zen beren nahia. Horretarako, objektuak pribilegiatu ordez, ordura arte bezala, elementu immaterialek hartu zuten garrantzia, ideiek, kontzeptuek… Artearen munduan emandako aldaketa hori garaiko gertaera politiko eta sozialekin erlazionatu behar dugu, protesta eta aldarrikapen ugariko garaia izan baitzen, gizartea aldatzea helburu zutenak. Hala ere, performanceak berehala lortu zuen garrantzi azpimarragarria adierazpen artistiko bezala. Hori dela eta, museo eta merkatuen aldetik berori bildumatzeko interesa piztu zen. Helburu horrekin, estrategia desberdinak jarri zituzten martxan, gaur egun ere erabiltzen direnak. Orokorrean, performancea egindako leku eta unetik at gorpuztu edo irudikatu dezaketen aukeretan jarri da arreta. Alde batetik, performancean erabilitako objektuak eta ekintzaren dokumentazioak (argazkia, bideoa...) erabili izan dituzte museoek, behin bukatuta mantentzen diren aztarnak baitira; eta, beste alde batetik, errepikapenaren edo re-performanceen bidez saiatu izan dira ekintza bizirik mantentzen. Estrategia horietan zentratuz, performancea museoen barruan sartzeko eta beraz, denboran zehar mantentzeko, beren papera eta egokitasuna aztertuko ditut, eta era berean, berez iragankorra den adierazpen artistiko hau merkatu eta museoen logikaren barruan sartzeko dauden zailtasunei buruz hitz egingo dut.