Genero indarkeriaren prebentziorako osasun-hezkuntza programa baten diseinua nerabeentzako
View/ Open
Date
2019-04-15Author
Sarasola Ugalde, Olatz
Metadata
Show full item recordAbstract
Emakumearen aurkako indarkeria familiako esparru pribatuan mantendu izan da eta historikoki datorren sistema patriarkalari loturik dago. XXI. mendean, ordea, arazo sozialean eta publikoan bilakatu da. Genero indarkeria era askotan azaleratzen da eta multifaktoriala da. Bestalde, emakumearen osasunean eragin kaltegarri ugari sorrarazten ditu; horietatik larriena heriotza izanik. Nerabezaroko harremanekin hasi eta helduaroko portaeren ondorioz mantentzen denez, nerabeei zuzendutako edukiak eta jarduerak oinarri dituen osasun-hezkuntza proiektua egitea proposatu da.
Helburua: komunitate bateko nerabeei zuzenduta dagoen genero indarkeriaren prebentziorako osasun-hezkuntza programa bat diseinatzea.
Metodologia: osasun-hezkuntzaren helburuari erantzuteko bilaketa bibliografiko bat burutu da PIO egitura jarraituz eta dagozkion DeCS eta MeSH terminoak erabiliz. Ondoren, proiektuaren justifikazioa osatzeko beste bilaketa estrategiko bat gauzatu da. Horretaz gain, web-orrialde eta liburutegietako dokumentuak erabili dira osasun-hezkuntzaren egitura eta saioak garatu ahal izateko.
Planifikazioa: 13-16 urte bitarteko gazteei zuzenduriko osasun-hezkuntzaren proiektuak, genero indarkeriaren eta harreman osasuntsuen inguruko ezagutzak, jokaerak eta gaitasunak hobetzea du helburu. Proiektua Urnietako Egape Ikastolan gauzatuko da eta bi aste iraungo ditu. Jarduera ezberdinez osaturiko bost gai landuko dira bost saiotan eta hainbat osasun-agentek parte hartuko dute.
Ebaluaketa eta jarraipena: osasun-hezkuntza proiektuaren helburuak, egitura eta prozesua ebaluatuko dira azken saioa amaitu ondoren. Horretarako, bi galdetegi prestatu dira: lehenengoa talde dianari zuzenduta dago eta bigarrena, osasun-agenteei. Horretaz gain, talde dianak osasun hezkuntzaren amaieran duen ezagutza maila baloratzeko kasu praktiko bat prestatu da azken saioaren amaieran burutzeko.
Ekarpena eta gogoeta pertsonala: nerabeei bideraturiko osasun-hezkuntza proiektu honetatik abiatuz, genero indarkeriaren prebentzioa lehen-hezkuntzan lantzen hastea beharrezkoa dela ondorioztatu da. Horregatik, osasun-hezkuntza proiektuak lehen-hezkuntzako adin-tarte horietatik abiatzea egokia litzateke.