Araiako Ajuria eta Urigoitia fabrikaren birgaitzea. Araia (Araba)
Date
2019-07Author
Vega Etxeberria, Josu
Metadata
Show full item recordAbstract
Araiako Ajuria eta Urigoitia fabrikaren birgaitzeak ondareari garrantzia eman nahi izan dio berriaren eta
zaharraren arteko bereizketa bat eginez. Modu honetan fabrikak bereganatuko duen erabilera berriak
izango dituen eskakizunei ahalik eta hobekien erantzun ahal izango zaie ondarea bere osotasunean
mantenduz.
Eskakizun berri hauen artean erabilgarritasuna egongo da. Proiektuak ekoizpen espazioak aurreikusten
ditu non Asparrena udalerriko jende gazteak haien enpresa txiki edo ertainak jarri ahal izango dituzten.
Hori dela eta espazio hauetan ekoizpen prozesu bat egon daitekeela kontuan hartuko da eta industria
txikiak izango balira moduan, jende gazteak bertan ahalik eta askatasun handiena izateko haien
enpresa osatzeko orduan. Aurreikusten diren enpresak mota askotakoak izan daitezke, zurarekin
lan egiten dutenetatik artistek behar izango dituzten tailerretara edota mikrotxipekin, 3D makinekin,
elektronikarekin, robotikarekin eta antzeko gauzekin lan egiten dituzten enpresa motetara.
Enpresa guzti hauek fabrikan txertatzerako orduan azken honen izaera eta historia guztiarekin bat
egin beharko dute Araiak duen ondare oso indartsu honen aurrean erantzun egoki bat izateko. Hori
dela eta hainbat gauza hartu egin beharko dira kontuan: Gaur egun, garaian fabrikak izandako
ekoizpen prozesuaren arrasto gutxi geratzen dira. Mami guztia fabrikaren mendebaldean kokatzen
zela esan daiteke, bertan biltegiak, urjauziak, transformatzaileak, labe garaiak, pudelazio labeak eta
abar baitzeuden. Ekialdeko nabeak laminazio trenentzako zuzenduak zeuden gehienbat, ekoizpen
prozesuaren azkenengo pausuak laminazioak komertzializatu baino lehen. Beste alde batetik fabrika
espazio moduan duen izaera kontuan hartu beharko da, izan ere, espazio estali baina itxi gabeko
nabe industrialak izan dituen fabrika baten aurrean gaude.
Hori dela eta enpresa berri hauek fabrikan kokatzeko orduan, ahalik eta enpresa tipologia gehiengoari
erantzuteko gaitasuna eskeintzeaz gain fabrikaren ondarea errespetatu eta balorean jartzen duen
modu batean izango da. Orokorrean lau modulo desberdinduko dira: oinarrizko modulua, enpresa
txikietzako balioko duen modulua, bulego soilak dituena eta enpresa handientzako pentsatuak
dauden espazioak.
Modulo desberdin hauek nabean zehar jarri egingo dira haien arteko komunikazioa eta erlazioa
erabatekoa izanik. Horri esker enpresen hedatze prozesua errazagoa eta zuzenagoa izango da,
inguruko moduluak hartzeko aukera askea izan daitekelako.
Enpresen moduluetaz gain zerbitzu orokorrak hartuko dituzten moduluak egongo dira lan egiteko
espazioak osatzeko. Horien artean komunak eta komunikazio bertikalaz gain jangela, aldagelak,
biltegiak, proiekzio gela, esposizio gunea eta abar ere programaren barnean egongo dira enpresen
lan baldintzak ahalik eta hoberenak izateko.