Arabako mendebaldeko Aquila chrysaetos-en egoera eta etorkizuna
View/ Open
Date
2020-05-20Author
Murua Alzola, Peio
Metadata
Show full item recordAbstract
Aquila chrysaetos, arrano beltza euskaraz, ipar hemisferio osotik era irregularrean banatzen den hegazti harrapari espezie bat da, Iberiar penintsulan 1.500 bikote ugalkor dituena sistema menditsu nagusien inguruan banatuak. 3 eta 6 kilo artean pisatzen dituen munduko hegazti harrapari handienen artean dago. Lumajea marroia dauka, tonu horiekin hegoetan eta batez ere lepoaldean. Orkatz bat baino txikiago den ia edozein ornodunez elikatzeko gai den espeziea da eta adaptagarritasun honi esker hain hedatua dago munduan zehar. Hala ere, hegazti eta ugaztunak ugariagoak dira haren elikaduran, espezieren bat ugaria denean harengan espezializatzen direlarik; iberiar penintsulan garrantzi handieneko harrapakinak erbi iberiarra (Lepus granatensis), untxiak (Oryctolagus cuniculus) eta eper arruntak (Alectoris rufa) dira. Ikerlan honetan zehar, Arabako mendebalde osoan haren populazio finkoaren estimazio bat egin da landa lanaren bitartez lurraldeko eremu potentzial gehienetan transekto eta itxaronaldiak eginez. Honi esker, zuzeneko ikuskatzeen bitartez, populazioaren kuatifikazio bat egin da, emaitzak beste urte batzuetan GADEN natura enpresak egindakoekin alderatzea posible egin duena. Horrez gain, haien elikadurari ere hurbilpen bat egin da bai zuzeneko ikuskapenen bitartez baita haiek utzitako hondarrak ikertuz. Espezie hau beste harrapari asko bezala ekosistemen sasoiaren bioadierazle moduan har daiteke, izan ere, harrapariak ugariak diren eremu haietan ekosistema osoa egoera onean mantentzen dela baiezta daiteke, kate trofikoaren gailurrean daudenez eslaboiren bat arazorik izanez gero, hauengan zuzeneko eragina izango duelako. Kasu honetan gainera, A. chrysaetos superpredatzaile bat denez, oraindik adierazle hobea da. Guztira, sei izan dira konfirmatuak izan diren lurralde ziurrak, beste bi ustezko lurralde posible gehiagorekin batera. Honek, Espainiako beste probintziekin alderatuta, 100km2 - ko dentsitate altua ematen dio ikertu den erregioari, eta azken urteetan erregistratu den populazioaren hazkundeari erreparatuz, esan daiteke espeziea egoera onean osasuntsuan dagoela ikerketa eremuaren barruan. Populazioaren banaketa espazialari dagokionez, gehiengoa erregioaren erdialdea zeharkatzen duten mendiguneetan aurkitzen da. Etorkizunerako joerari dagokionez, populazioa mantenduko dela aurreikusi daiteke seguruenik hazkunde txiki bat erregistratu daitekeelarik, oso esanguratsua izango ez dena, izan ere, lurraldearen baliabideak kontuan harturik eremua nahiko asetua dagoela esan daiteke. Hortaz, espeziea ikerketa eremuan egoera onean aurkitzen dela baiezta daiteke.