D ereduan euskaldundutako gazte nafarren hizkuntza erabilera, jarrerak eta identitateak: ikerketa proposamena
View/ Open
Date
2020-05-20Author
Pardina Arenaza, Ainhoa
Metadata
Show full item recordAbstract
Nafarroako eremu mistoan D ereduan euskaldundutako gazteen euskararen ezagutza, erabilera, jarrerak eta identitateak aztertzeko ikerketa baten abiapuntua aurkeztu nahi da Gradu Amaierako lan honetan. Zehazki, parte hartzaileen profil soziolinguistikora lehen hurbilketa egiteko galdetegi bat aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzaren “Ikasiker 2018/2019” Lankidetza Beka baten baitan kokatu behar da lan hau. Beka egitasmoa ELEBILAB ikerketa taldean ari da gauzatzen, eta hauxe da izenburua: “D ereduan euskaldundutako unibertsitate ikasle nafarren hizkuntza jarrerak eta identitateak”.
Lan honetan aurkeztuko den galdetegiaren helburu nagusia da Lankidetza Bekaren barruan aurreikusita dauden eztabaida talde eta banakako elkarrizketetarako auzi interesgarriak identifikatzea; bestela esanda, galdetegi hauekin jasotako informazioa erabili nahi da, besteak beste, eztabaida taldeak zein banakako elkarrizketak prestatzeko. Gradu Amaierako Lanaren xede nagusia erdiesteko, beste bi azpi helburu jarri dira, biak ere antzeko ikergaia izan duten beste azterlan batzuei lotuta: batetik, datu bilketarako metodologiak berrikustea, eta bestetik, aurrekaritzat jo diren ikerketa emaitza esanguratsu batzuk aurkeztea.
Sei ataletan banatu da lana: hasteko, Nafarroako egoera soziolinguistiko orokorra nolakoa den azalduko da. Gero, ezagutza, erabilera, jarrerak eta identitateak ikertzeko hainbat datu bilketa metodologia aurkeztuko ditut, nahiz eta, esan bezala, guri orain galdetegiari dagokiona interesatzen zaigun gehien. Ondoren, gazteen euskara gaitasunari, erabilerari, jarrerei eta identitateei buruzko informazioa emango dut, hainbat ikerlarik egindako lan ezberdinetatik hartua. Azkenik, ikerketarako gure proposamena egingo dugu, ikerketaren helburuak, partaideak eta datu bilketarako tresna azalduz, hau da, galdetegia. Honela, esan bezala, zati horretan, galdetegia aurkeztera mugatuko gara, galdera multzoek parte hartzaileen profil soziolinguistikoaren zein alderdi aztertzea ahalbidetuko diguten azalduz. Lanaren azken bigarren atala ondorioena da eta bertan galdetegiak eman dezakeenaren aurreikuspen orokor bat egingo da. Galdetegiaren diseinua kontuan hartuta, aurreikus daiteke aukera izango dugula parte hartzaileek DBH bukatu eta unibertsitate adineko garaira arte egindako bilakaera soziolinguistikora lehen hurbilketa egiteko. Zehatzago, gazteen bizialdi horretan garatutako euskararekiko hizkuntza identitateak eta muda linguistikoak izango ditugu hizpide, beste lan batzuetako emaitzak gogoan izanda. Lana bukatzeko, Lankidetzaren Bekaren barruan etorkizunerako planteatzen den norabidea aipatuko da.
Hitz-gakoak: galdetegi soziolinguistikoa, hizkuntza jarrerak, hizkuntza identitateak, D eredua, hiztun berri gazteak