Euskararen C-taldeez gogoetak: FHV-ko “grupos de consonantes” abiapuntu
View/ Open
Date
2020-05-20Author
Goikoetxea López, Beñat
Metadata
Show full item recordAbstract
Euskalaritza diakronikoan garrantzi handiko ikerlerroa izan arren, kontsonantetaldeen ikerketak ez du, beharbada, merezi duen arreta guztia jaso; ez dago haien inguruan berariaz egindako lanik edo monografia zabalik. Gure helburua, beraz, kontsonantetaldeen azterketak duen garrantzia aldarrikatzea da. Horretarako, Fonética Histórica Vasca liburuko “Grupos de consonantes” kapitulua izan dugu abiapuntu. Kapituluak lantzen dituen hainbat ideia garatu gabe geratu dira luzaz; ideiok lan honetan berreskuratu eta haien gaineko zenbait gogoeta egin dugu. Hala ere, baditugu arrazoiak kapituluak berrikusketa arretatsua behar duela adierazteko; hori izango litzateke, nolabait esan, saio honek duen azpihelburuetako bat. Maisuak pasarte horretan aztertuek sor ditzaketen arazo eta galderak erabili ditugu, goian esan bezala, kontsonante-taldeen azterketak euskalaritza diakronikoan duen pisua aldarrikatzeko. Hasteko, Artiagoitiak (1990) silaba-egituraz aztertuak ekarri ditugu lanera, haren aurretik ikerketa zertan zen ezagutu ostean. Horren harira, Iverson & Salmonsek (1992) PIEren erro-amaierako herskariez behatuak jaso ditugu eta aipatzen duten hitz-amaierako ozentasun hierarkiari arreta berezia eskaini diogu; baita Artiagoitiaren (1990) lanarekin eta kontsonante-taldeen azterketan oinarrizkoa den Erro Monosilabikoaren Teoriarekin erkatu ere. Era berean, Artiagoitiak (1990) muta cum liquida-z egindako zenbait ekarpen ere ekarri ditugu. Erro teoriatik abiatuta, kontsonante-taldeen eta bortitzen sorreraren arteko loturan sakondu dugu, Mitxelenaren kapitulura eta haren ondotik egindako ikerketetara joaz. Bestalde, aztergai dugun kapituluan Mitxelenak rtz : st egokitasunari ematen dion azalpena aztertu eta iruzkindu dugu; halaber, horren inguruko hipotesi berria osatu dugu, zenbait kronologia ezartzeko balioko duelakoan. Horrez gain, Erronkari eta Zuberoako ozen ondoko herskariek EBZren hausturarekin duten lotura aztertu eta haietan oinarrituta eraiki daitekeen egoera berria jaso dugu. Amaitzeko, lanean zehar egindako gogoetak bildu ditugu. Haietatik abiatuta, zenbait ondorio nagusi atera eta lanaren hasieran ezarritako helburuekin erkatu ditugu; orobat, ondorioztatu dugu ikerketak metodologia propioa behar duela (fonotaktika eta morfofonologiaren ikuspegietatik osatuaz), kontsonante-taldeen azterketari hurbilketa osoagoa erdietsiko badiogu.