H1 gaztelania -> H2 euskara: ahoskera zailtasunak eta irakaskuntzarako proposamen baten hasiera
View/ Open
Date
2020-05-22Author
Esturo Etxabe, Joanes
Metadata
Show full item recordAbstract
Hurrengo lerroetan, euskararen ahoskeraren irakaskuntza modu eraginkorrenean
bideratzeko gogoeta egin da. Horretarako, lehendabizi, helduaroan bigarren hizkuntza
bat ikastean behar bezalako ahoskera lortzeko izaten diren arazo nagusiak zein diren
azalduko da, arazo horietan bilakabide fonologikoek eta prosodiak duten zeresana
zein den zehazturik. Jarraian, euskararen irakaskuntzan, bereziki, bigarren hizkuntza
bezala irakastean ahoskerak duen lekua zein den jakingo dugu, Sagrario Alemanen
esperientzian oinarrituta.
Lanaren bigarren atalean, gaztelaniaren eta euskararen paradigma fonologikoen
erkaketa saio bat egin da bataren ahoskeratik bestearenerako jauzia neurtzeko
helburuarekin. Horrela, ahoskerari dagokionez, euskararik ez dakiten Euskal Herriko
gaztelania hiztunek euskara ikastean izango dituzten zailtasunak zein izango diren
arakatu da. Zailtasun horien analisia egiteko Fonologia Naturalaren analisi bidea hartu
da. Ikuspegi esplikatzailea izanik, hiztunek erabiltzen dituzten formen, hizkuntzek
egiten dituzten aukeren, eta abarren atzetik beti arrazoiren bat dagoela pentsatuta
horiek azaltzeko bidea ematen baitu.
Analisia ahoskeraren hiru maila nagusitan banatu dugu. Lehenik, maila
fonemikoan bilakabide ingurunegabeen eraginak aztertu dira, horrela, euskarak
gaztelaniarekiko ez dauzkan fonemak zein diren ikusita horiek bereganatzeko
zailtasunak aurkitzeko. Bigarrenik, maila sintagmatikoan gaztelaniatik euskararako
bidean bilakabide ingurunedunek sor ditzaketen zailtasunak gutxi (edo bat ere ez)
direla ikusi da. Hirugarrenik, bi hizkuntzen eredu prosodikoen artean alderik
nabarmenena azentuerak sortzen duela erakutsi da.
Proposamenaren atalean, irakaskuntzarako estrategia didaktiko bat proposatzeko,
erabaki da aurren prosodian jarri beharko liratekeela indarrak; prosodia ahoskeraren
eragile nagusia delako. Horrenbestez, euskararen prosodia egoki bat lortzeko hiztun
berriei ahoskera esaldi mailan irakatsi beharra aldarrikatu da Oñederraren hainbat
lanekin bat eginez. Eta ahoskera lantzeko metodo egokiena prosodia aintzat hartzen
duen irakaskuntza litzatekeela iritzi da, esaterako, egun euskaltegi aurreratuenetan
ahozkotasuna ardatz hartuta hizkuntza lantzen dutenena.
Azkenik, euskara bigarren hizkuntzatzat ikasiko duten gaztelania hiztunen
irakaskuntza bideratzeko asmoarekin, gaztelaniak ez dauzkan euskararen hotsen
arteko lehentasunak zehaztea mesedegarri jo da. Horrenbestez, lehentasunak
zehazteko irizpideen gainean eztabaidatu eta, irizpide horien arabera, txistukariekin
adibide praktiko bat eman da. Amaitzeko, lehentasunok hiztun berriaren gaitasun
maila ezberdinetan banatuta proposatu dira, horrek ahoskera, egokieraren arabera,
hizkera mailetara moldatzeko bidea erraz baitiezaioke ikasleari.