Hitzetik iraganera: Gerra Zibila Durangon ahozko iturrien bidez. Aro Moderno eta Garaikideko gizarteen arkeologia
View/ Open
Date
2020-05-22Author
Fernández de Agirre Gebara, Olatz
Metadata
Show full item recordAbstract
Historia aztertzeko iturri anitz daude: materialak, idatziak, numismatikoak, epigrafikoak, ikus-entzunezkoak, ahozkoak eta abar. Tamalez gure esparru geografikoan, eremu anglosaxoian ez bezala, sarri lehentasuna ematen zaie iturri bibliografiko zein materialei, besteak bigarren maila batean geratu izan direlarik tradizionalki. Bazterrean utzitako iturri horietakoak dira ahozkoak, subjektiboegiak direlakoan. Baina egia al da hori? Eta izatekotan… ez al dira hala ere erabilgarriak? Idatzizkoak ere ez al daude idazlearen psique-aren menpe, materialak ikertzaileen galderen influentzia jasotzen duten bitartean? Azterlan honen helburu nagusia ahozko iturriak era intentsiboan lantzea da, honen inguruan gure ibilbide akademikoan zehar geratutako hutsunea betetze aldera. Ildo honetan metodologiari arreta berezia eskaintzea ezinbestekoa izango da, noski. Gainera goiko galderei erantzuten saiatuko gara. Iturri hauen berezitasuna besteekiko argia da, informanteak pertsona biziak baitira, eta beraz, iragankorrak. Lehen eskuko informazioa hauekin batera galtzen ari da eta beharrezkoa da hori gertatu aurretik iturri hauek balioztatzea, era egokian bildu eta lantzeko. Gainera gizatasunak interesa pizten du jendean, gertutasunagatik ziurrenik. Horrek berebizikoa den gizarteratzea egiteko aukera bikaina opa digu, askotan ikerlan guztien helburu teorikoa den hau herren geratzen baita errealitatean. Bestalde, ahozko iturriak ikertzeko marko historikotzat Gerra Zibila aztertuko dugu euskal lurraldeetan, Durangon zehatzago esanda. Bertan jazotako lau egunetako bonbardaketak azalduko ditugu, baina 1937ko martxoaren 31koan zentratuz bereziki. Horretarako konfliktoaren arkeologiaren marko teorikoa landuko dugu iturri idatzien bidez, jakina, baina ahozko iturriak izanez betiere gure zutarria. Horretaz gain, iragana denona denez gero, historiografiak tradizionalki baztertutako taldeei protagonismoa bueltatzen saiatuko gara, batez ere emakumeei dagokienean, arkeologia feministari jarraituz. Izan ere ikerlarion ardura izan behar du mugak eta aurreiritziak baztertuz zentzu kritikoa bultzatzea problematika berriak aztertu ahal izateko, horrela ahaztutakoen memoria berreskuratuz eta landuz. Bukatzeko, Gradu Amaierako Lan (GRAL) honen ideia nagusiak ondorioetan jaso eta laburtuko ditugu. Gainera azken gogoetak egiteko lekua ere horixe izango dugu. Bibliografiaren ostean eranskin atal bat gehituko dugu, ikerketan jasotako materialen lagin batekin; hala nola informanteen fitxak, irudiak, marrazkiak eta abar biltzen dituena.