Ondare immateriala gizarteratzeko, musealizatzeko eta erakusketaratzeko erak, Euskal Herriko hainbat adibidetan
View/ Open
Date
2020-05-25Author
Muñoz Esteban, Maddi
Metadata
Show full item recordAbstract
Gizarte baten kultura-ondareak badu alderdi material bat eta, hura bezain garrantzitsua, alderdi immaterial bat. Orain arte ondare materiala gehiago landu bada ere, ondare ukiezina geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da, haren inguruko legeek, musealizazio prozesuek zein gizarteratzeko ahaleginek adierazten duten moduan. UNESCOk hartu zuen ondare mota honen marko juridiko teorikoa gauzatzeko ardura, konbentzio eta ikerketa ezberdinen bitartez garatzen joan dena. Hala ere, lekuan lekuko herrialdeen legeak izango dira ondare horren ardura izango dutenak. Euskal Herriaren kasuan, horrek badu bere konplexutasuna, ondare bera bi estatutan eta hiru antolakuntza politikotan banatzen bait da. Beraz, legedi ezberdinak arduratzen dira ondare berberaz, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Bestalde, garrantzitsua da ondarea, eta lan honi bereziki dagokion ondare immateriala gizarteak eskuragarri edukitzea. Ondarea immateriala gizarteratzeko, baliabide zein euskarri ezberdinak erabili izan dira. Lan honek Euskal Herriko ondare immateriala gizarteari erakusteko unean jorratu diren proiektu ezberdinak landu ditu, horretarako erabili diren baliabide zein euskarri ezberdinen inguruan hausnarketa eginaz. Alde batetik, online eskuragarri topatu daitezkeen errekurtsoak azaldu ditut. Bestetik, ondare horren ukiezintasuna ikus-entzunezkoen bidez landu duten zenbait artisten lanak. Eta azkenik, ondare immaterialaren inguruan egin izan diren bi erakusketen adibideak landu ditut. Orain arte museoek arreta ondare materialari eman badiote ere, ondare immaterialaren erakusgarritasunak eta honen erakusketaratze prozesuan egin beharreko lanak geroz eta pisu handiagoa hartzen joan dira museoetan. Horretarako, museografia tradizionalak nekez balio duenez, ondare mota horren erakusketaratzeak paradigma berriak ireki ditu museografiaren alorrean. Azpimarratzekoa da Museologia Berriak, 70. hamarkadaren hasieran indarra hartzen joan zenak, museoetako ateak ireki zizkiola ondare ukiezinari. Gizatalde hegemonikoen mesedetan, helburu zehatz batzuetarako, eraikitzen joan den konstrukzio soziala da ondarea. Historikoki, ondare horren unibertsaltasuna azpimarratu bada ere, gaur egun ondarearen oinarri tradizionalak irauli eta zalantzan jarri ditu zenbait kolektibok. Ondarea oro har, ondare immateriala bereziki, eta haren gizarteratzea, museoen eta erakusketen bidez, fisikoak izan ala digitalak, galderaz eta zalantzaz beterik dagoen alorra da. Galdera eta kezka horietara inguratu nahi izan du lan honek.