Sionismoaren aliatu kristauak: motibazio ideologikoak
View/ Open
Date
2020-05-25Author
Zozaya Zarco, Martin
Metadata
Show full item recordAbstract
Gaur egun, Israelgo Estatua nazioarteari begira dagoen eztabaida politiko ohikoena da. Jarrera oso polarizatuen eta gatazka humanitarioen baitan bizi den Estatua da Israel, baina dudarik gabe, bizirik dago. Horretarako, Israelek aliatuen beharra du, eta aliatu juduak ez dira nahikoa inola ere. Azken hamarkadetan, Israelgo Estatuaren aliatu nagusia Amerikako Estatu Batuak izan dira, eta lan honetan, aliantza horren zergatietan murgilduko gara. Israelen aliatu izateko zergati horiek bi motakoak izan daitezke, batetik, estrategikoak, eta bestetik, ideologikoak. Lan honek Estatu Batuek Israelen eta sionismoaren alde kokatzeko dituzten motibazio ideologiko horiek aztertzen ditu, Ekialde Hurbilean juduen Estatua sortzeko proiektuak Estatu Batuetako gizartean hautsak harrotzen jarraitzen baitu. AEBen jatorri puritanoa eta tradizio biblikoa bertako kulturaren zutabe egonkorrak dira, politikan ere eragin nabarmen bat dutenak. Lan honetan ez da Israelek Estatu Batuen interes geopolitikoak babesteko duen gaitasuna ukatzen, izan ere, sionismoa babestea estrategia politiko baten emaitza izan daiteke. Baina Israel eta Estatu Batuen arteko aliantza ez da geopolitika hutsa. Estatu Batuetako komunitate ebanjelikoan gehienbat, Israel eta biztanleria judua liluraz begiratzea gertatzen da askotan, Itun Zaharrean duten leku berezi hori dela eta. Estatu Batuekiko pribilegiozko harreman bat du Israelgo Estatuak, bere historia motzean hainbat alditan agerian geratu dena. Harreman ezohiko hori faktore eta borroka ezberdinen emaitza da, eta lan honen helburua horiek argitzea da. Lanaren egiturari begira, aurkezpen sakon baten ostean, bi zatitan banatzen da lana: lehenik, Israel eta AEBen arteko harreman bilateralak aztertzen dira, eta bigarrenik, sionismo kristaua bezala ezagutzen den mugimendu soziopolitikoaren azterketa dugu (lanaren ildo nagusia). Horretarako iturri ezberdinak erabili behar izan ditut. Lehenik, sionismoaren historia ondo ezagutu beharra izan dut, ordurarte gai horren inguruan nuen ezagutza oso mugatua baitzen. Ondoren, Estatu Batuetako komunikabideak irakurtzen aritu naiz, herrialde hartan Israelekiko dagoen iritzi publikora gerturatu nahian. Bestetik, erlijioak AEBetan duen eragina, eta lan honetan aspektu teologikoek duten garrantzia jakinik, Bibliaren inguruko oinarrizko ezagupen bat beharrezko egin zait. Horrez gain, online aurki daitezken hedabideetako artikuluak oso baliagarriak suertatu zaizkit. Azkenik, gai honen inguruko bibliografia espezifikoa (nahiko mugatua bada ere) funtsezkoa izan da lan honen egiterako. Bukatzeko, argi utzi nahiko nuke gai honen inguruko lan batek bizi garen Europa laikoan aurkezteak harridura eta sinesgogorkeria sor dezakeela, baina Estatu Batuak bezalako herrialde batean erlijioak eta kulturak masa sozial eta eliteengan izan dezakeen eragina ukaezina da.