Historiaurrea X: "Homo neanderthalensis," irudi akademikoa osatzen
View/ Open
Date
2020-11-20Author
Orgambide Elizagoyen, Leyre
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen gai nagusia Homo neanderthalensis bezala ezagutzen den hominidoa izango da. Lanaren izenburuan adierazten den moduan, giza espezie honen irudi akademikoa nola osatu den ezagutu nahi da. Jakina denez, denbora luzean Homo sapiens espeziaren subespezie bezala definitu da, primateekiko lotura desberdinak eginez eta euren itxura arkaikoan oinarrituz espezie hau gutxiesteko. Horrek, gaur egun gizartean Neandertalekiko dagoen ikuspuntua zipriztindu du, eta askotan, giza espezie honi eman zaizkion definizioak ez datoz bat espezie honek suposatu zuenarekin. Beraz, Homo neanderthalensis espezieari atxikitu zaizkion definizio eta aurreiritziak aztertuko dira, eta euren irudi akademikoaren osaketan eman den prozedura azalera ateratzea izanen da lan honen funtsa.
Lehenik eta behin gizaki hau aurkeztuko da, bere inguruko informazio orokorra plazaratuz. Hau da, espezie honen aurkikuntza aipatuko da, eta horrekin batera, gaur egunera arte ezagutzen den erregistro fosilean oinarrituz, giza espezie hark izan zuen hedapen geografikoa. Gainera, giza eboluzioaren baitan edukiko lukeen lekuaz hitz eginen da. Ondoren, mundu akademikoak nola definitu eta tratatu dituen aztertuko da, XIX. mendean ezarritako definizio eta irudietatik abiatuta, azkeneko hamarkadetan Neandertalen DNAaren baitan eman diren aurkikuntza berriei esker eratorritako irudi aldaketa arte. Jakina denez, hominido honek zer esan asko eman du bere aurkikuntzatik, eta ez da lan erraza izan giza eboluzioaren barruan leku bat ematea. Horretarako, espeziearen datu kronologiko eta geografiko desberdinak jakinarazteaz gain, ibilbide historiografiko bat eginen da, ikerlari anitzen argibideak aurkeztuz eta hauek sortu dituzten eztabaida desberdinak eskainiz. Azkenik, gaur egun daukagun irudia erakutsiko da, azken urteetan egin diren aurkikuntza berriek emandako informazioa plazaratuz.
Lan honen bitartez, Homo neanderthalensis giza espeziea, gure eboluzioaren barruan onartzeko eman ziren pausuak aztertuko dira. Erran bezala, espeziea agertzen den momentutik, gure eboluzioaren baitan eduki zuen betebeharraren gaineko jakin mina sortu zen. Horri helduta, giza espezie honen irudi orokorra osatzen joan da gaur egunera arte, eta lan honen helburu nagusia irudi hori ezagutu eta azken aurkikuntzetan oinarrituz, Homo neanderthalensisaren irudi eguneratu bat eskaintzea izanen da.