Historiaurreko DNA azterketak
View/ Open
Date
2020-11-20Author
Pérez Catena, Andrea
Metadata
Show full item recordAbstract
Antzinako aztarnetan egindako ikerketa genetikoen garrantzia handitu egin da azken
hamarkadetan, batez ere biologiak biomolekulen gaineko ezagutza handitzearen ondorioz.
Iraganeko populazioen inguruko hipotesiak planteatzea edo birplanteatzea ahalbidetu du
antzinako DNAk, eremu-zientifiko honen erabilera arkeologian geroz eta nabarmenagoa
delarik. Hori dela eta, disziplinaren erabilgarritasuna adierazteko, lau kasu edo adibide
azalduko ditugu lan honen bitartez: basahuntz pirenaikoa eta alpetarrarena, neandertal eta
GAMrena, Denisovarrena eta Solent-eko gariarena. Guztiak, izaera desberdinetako ikerketa
genetikoak dira, hau da, metodologia eta hipotesi desberdinak sortu dituzten azterketak.
Horrela, antzinako informazio genetikoaren azterketa oinarri duten ikerketen aniztasuna
ikusiko dugu, erabilpenak sor ditzazkeen arazoekin batera. Azken honekin lotuta, eremuzientifikoak izan ditzakeen izaera desberdinetako arazoak azalduko ditugu. Alde batetik,
manipulazioak berak ekar ditzazkeen arazoak, eta bestetik, bestelako disziplina desberdinen
arteko desadostasun eta koordinazio faltak ere ekar ditzazkeenak.
Hau guztia, iturri eta oinarri desberdinetako artikulu zientifikoen erabileraren
bitartez azalduko dugu, ikerketa bakoitzak erabilitako metodo, interpretazio eta kritika
desberdinak kontuan hartuko ditugularik. Soilik horrela, kasu bakoitzaren ikerketaeboluzioa eta hipotesi berrien azalpenak ezagutuko ditugu, betiere gainerako ikertzaileek
hauekiko adierazitako baliogarritasun edo onespena kontuan hartuz. Horrela, basahuntz
alpetarraren eta pirenaikoaren inguruko bi hipotesi nagusi daudela, neandertala eta GAMren artean ekarpen genetikoak egon zirela, Mesolitoan Ekialde Hurbiletik Solent itsasarteko
eremura beharbada nekazaritza iritsi zela eta neandertalen garaikidea zen espezie bat egon
zela azalduko dugu. Ikerketa hauen hasierako metodologiari erreparatuz, hauetan emandako
aurrerapenei esker, emaitza eraginkorrago eta oinarri sendoagoa duten hipotesiak eratuko
direla ikusiko dugu, lanean zehar aipatutako arazoei aurre egiteko estrategia desberdinekin
batera. Hau, batez ere, eremu zientifiko desberdinetako ikerlarien arteko koordinazio eta
kooperazioaren bitartez lortu daitekeela azpimarratuko dugu, bakoitzaren interesetatik at.
Antzinako DNAren erabilgarritasuna arkeologian nabarmena dela ikus dezakegun
arren, oraindik ere eremu zientifikoaren baitan egin daitezkeen aldaketak eta konponketak
badaude. Egia da disziplinak izandako aurrerapenak nabarmenak izan direla arkeologiaren
baitan, baina ezin ditzakegu ikerketa guztiak DNAren erabilerara mugatu, hau da,
arkeologiak mota desberdinetako eremu-zientifikoak erabili behar ditu. Hortaz, ikerketa
askoren oinarria suposatuko duten arren, arkeologiak disziplina desberdinen laguntza edo
beharra dauka, betiere ikuspegi edo hipotesi desberdinak planteatzeko.