Hitz txanden alternantzia euskarazko komunikabideetako hiru saiotan: "Herri people", "Azpimarra" eta "Dida" saioen azterketa
View/ Open
Date
2020-11-20Author
Gabirondo Zelaia, Maider
Metadata
Show full item recordAbstract
“Euskararen arloan ahozko euskararen hizkuntza-azterketa ugari egin dira gurean,
bereziki, dialektologia eta fonologiaren arloan, eta era berean, diskurtsoaren analisiaren
barruan ere pixkanaka ugaritzen joan dira (Alegria, 2009). Lan honetan solasaren
azterketara mugatuko gara, ahozko hizkuntzaren azterketa pragmatiko eta diskurtsiboan
berebiziko garrantzia duelako genero honen azterketak. Izan ere, Levinsonek (1983) dio
solasa hizkuntzaren erabilera prototipikoena dela, hizkuntzarekin kontaktuan jartzeko
dugun lehen modua, baina bariazio garrantzitsuak egon daitezke eta testu-generoaren
arabera solasa ezberdin agertuko zaigu egituratua. Horrela, ez da berdin lagunarteko
solasa (Briz, 1998) eta irrati-elkarrizketa batean aurkituko dugun solasa (Larrazabal &
Larringan, 2007).
Solasa aztertzeko ikuspegiak askotarikoak izanik, lan honen bidez, zehazki, izaera
dialogikoa duten euskarazko komunikabideetako hainbat saiotan solasaren hitz
txandakatzeen alternantzia printzipioa eta horien trantsizio moduak aztertu dira. Uste
dugu saio bakoitzaren izaera eta helburuen arabera solasaren egituraketa modu
bereizgarrian agertuko dela, oinarrizko printzipio dialogikoak jarraitu arren. Azterturiko
saioak Gaztea Dida irratsaioa eta telebistako Azpimarra eta Herri People dira.
Bi atal nagusik gorpuzten dute lana. Batetik, atal teorikoan, solasa gertakari diskurtsibo
moduan ezaugarrituko da. Haren egituraketa gobernatzen duten printzipio testual eta
komunikatiboak jorratuko ditugu. Horien artean dira “alternantzia printzipioa” eta baita
baita hitz txanden arteko trantsizioa egiteko moduak ere. Horrez gain, aukeratutako
testuak komunikabideetako testu-generoak direnez, zehazki elkarrizketa-kazetaritza
generoaren ezaugarriez jardungo da atal honen bukaeran.
Bestetik, azterketa praktikoaren atala, aipatu komunikabideetako hiru saioen azterketak
osatuko du. Lehenik, azterketarako corpusa aurkeztuko da. Horren ostean, erabili dugun
azterketa metodologia azalduko da eta azterketarako emaitzak emanen dira.
Solasaren hitz txanden gauzatze moduen ezaugarritzearen emaitzek erakutsi digute
aztertutako saioek hitz txanden alternantzia printzipioa jarraitzen dutela oinarrian, baina
alde esanguratsuak ere agertzen direla testuen artean. Aztertutako saioak zenbat eta
distantzia komunikatibo handiagoa izan baldintza komunikatiboen aldetik (Koch eta
Osterreicher, 2007), orduan eta modu zurrunagoan beteko da alternantzia printzipioa eta
trantsizio moduak ere eten bidezkoak izango dira.