Irun-Hondarribiak, Bortziriek eta Lapurdik egindako berrikuntza partekatuei buruz, testu zaharretatik abiaturik.
View/ Open
Date
2020-11-20Author
Isasa Lizarribar, Arrate
Metadata
Show full item recordAbstract
Kokapen berezia dute mugaren alde banatan dauden Irun-Hondarribiak eta Bortziriak alde batetik, eta Lapurdiko hego-mendebaldeak bestetik. Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Lapurditik iritsitako ezaugarriek topo egiten baitute Euskal Herriko eremu honetan.
Ezaguna da hiru eskualde hauek iragan mendeetan izan duten harremana, eta horrek hizkuntzan izan duen eragina. Hortaz, lan honetan eremu honetako hizkerek partekatzen dituzten ezaugarriak aztertuko dira. Zehazki, batera egindako lau berrikuntza aukeratu, eta aurkeztea da helburua. Testu zaharrak garai hartako euskararen isla izan daitezkeenez, jaso diren sermoi eta dotrina, gutun eta agiriak, abiapuntu harturik, XVII. mendetik testuetan ezaugarri hauek izan duten bilakaera aztertu da. Hain zuzen ere, bakoitzaren lehen agerraldia, berrikuntza gertatzeko testuinguru gramatikala, eta geografian izan duten hedadura azaltzea da asmoa, hauek izan baitira berrikuntzatzat hartzeko kontuan izandako irizpideak.
Fonologian eta izen morfologian ezaugarri bana aztertu da, eta aditz morfologian bi. Hasteko, hiatoetako i eta u bokalen ondoren agertzen diren kontsonante epentetikoei erreparatuko zaie. Euskal Herriko erdiguneko hizkerek egindako berrikuntza hau, hiru eremuetako lehen testuetatik ageri da, eta geroagoko testuetan, maizago agertuko da.
Izen morfologian, absolutiboaren gainean eraikitzen diren erakusleak aztertuko dira. Genitibotik hasi, eta XVIII. mendeko testuetan, kasu gehiagotara, datibo, destinatibo, etab. hedatu da.
Aditz morfologiari dagokionez, lehen silaba galtzen duten aditz laguntzaileak aztertuko dira. Aferesitzat har daitezkeen arren, sinkopa deituko zaie, aditz laguntzailea, nagusiaren ondoren joan ohi delako. Ezaugarri hau sistematikoa da eremu osoko testuetan. Azkenik, bipertsonal iragankorren ordezkatzea landuko da. Datiboa 1. edo 2. pertsona denean, aditz hirupertsonalen sailean *edun-en adizkiak erabiltzen dira. Berrikuntza hau itxuraz berriena izanik, Lapurdiko XIX. mendeko testuetan bakarrik islatu da. Horregatik, lan dialektologiko sinkronikoak erabili dira berrikuntza hau azaltzeko. Honek izan duen hedadurara, eta Irun-Hondarribian, Bortzirietan eta Lapurdin
fenomeno hau zertan den aztertzera hurbildu nahi izan da; zehazki hirupertsonalen erabilerari eta iraganeko eta pluraleko formei erreparatuko zaie.
Ezaugarri batzuk inguruko hizkeretan ere agertzen direla ikusiko da, baina aztergai den eremuan lehen testuetatik ezaugarri hauek agertzea eta ondorengo mendeetan bilakabide berdina izatea, hiru eskualdeen elkar-eraginarekin lot daiteke.