Joan Scotten genero-kategoriak historiografian izandako eragina birpentsatuz
View/ Open
Date
2020-12-21Author
Retolaza Benito, Amaia
Metadata
Show full item recordAbstract
Bigarren olatu feministaren eragina dela eta, 60ko hamarkadatik aurrera, 70 eta 80ko
hamarkadetan bereziki, feminismoaren teorialariek generoa izan zuten aztergai; eta
analisirako kategoria erabilgarri gisa ulertzen hasi ziren gainera.
Testuinguru horretan, Joan Wallach Scott historialari estatu batuarrak genero
kategoriaren eta garai hartan gauzaturiko giro linguistikoaren harira nazioarteko
historiografian erreferente bihurtu zen ekarpen izugarria egin zuen. Genero kategoria
definitu eta Emakumeen Historiaren aurrean Genero Historiaren alde egindako ekarpen
ikaragarriaz gain, ordura arte historian premisatzat erabili izan diren kontzeptuak, ahistorikotzat
hartuak izan diren horiek historizatzearen beharra azpimarratu zuen, izan
ere, bere ustez, gizarte-talde zapalduak historiaren erdigunean kokatuko dituen historia
berri bat eraikitzeko lehenengo pausua aurrez genekiena deseraikitzea baita. Hori guztia
gutxi balitz, garaiko historiaren oinarriak zalantzan jarri eta marxismo ortodoxoa
kritikatu zituen, emakumeak subjetu historiko bihurtuz.
Scotten ekarpenak eztabaida ugari eragin zituen, bai feminismoaren, bai ezkerraren eta
baita Historiako disziplina osoaren barnean ere. Asko izan dira Scotten proposamena
begi honez hartu dutenak; baina planteamendu kritiko eta berritzaile ororekin gertatu
ohi den bezala, haren inguruan sorturiko erresistentziak ere ugariak izan ziren.
2011n, aurrez eginiko ekarpen horren berrikuspena egin zuen, hainbat urteren ostean
generoak analisirako kategoria erabilgarria izaten jarraitzen ote zuen ala ez zalantzan
jarriz. Berrikuspen hura, feminismoari auto-kritika garrantzitsua izan zen. Bertan,
feministek historialarien akats berbera errepikatu dutela azpimarratu zuen, (nahikoa) ez
historizatzea. Hasierako galderari erantzunez, esan daiteke generoak analisirako
kategoria egokia izaten jarraitzen duen ala ez, ez dela hitzaren beraren araberakoa,
ematen zaion erabileraren kritikotasunarena baizik.
Scotten ekarpenaren garrantzia ikusita, ez da harritzekoa herrialde ezberdinetako
mugimendu feministetan izan duen eragin politikoa. Eragin hori oso ezberdina izan da
herrialdearen ezaugarrien eta bertako mentalitatearen arabera, jakina. Espainiako
testuinguru atzerakoia ezaguturik esaterako, esan daiteke Scotten ideiak berandu,
partzialki, eta oso era desberdin batean iritsi zirela Espainiako historiografia feministara.
Amaitzeko, esan beharra dago bere ekarpenak historiografian izan duen garrantzia
ukaezina den arren, Scottek ez duela nik nahi adinako arrakasta lortu emakumea
historiaren erdigunera eramateko ahaleginean, eta beraz, bere eragina erlatiboa izan dela
nolabait.