Zenbait ezaugarri araberaren definiziorako
View/ Open
Date
2020-12-21Author
Ondartza Padierna, Iker
Metadata
Show full item recordAbstract
Araban hitz egiten zen (eta den) euskara dialektalaz aritu gara lan honetan. Mitxelenak hartu zuen lehenbizikoz arabera dialektotzat, “meridional” edo “hegoaldekoa” deituz, eta paradigma aldaketa eragin zuen gaiari dagokionez. Azken urteotan honen inguruan aurrerapen handiak egiten ari dira, eta baita araberak Euskal Herriko mendebaldeko dialektoen bilakabidea ulertzeko duen garrantzia argitzen ere. Hala ere, araberak definitu gabe jarraitzen du. Horretan izango da lan honetako helburu nagusia: araberaren definizio linguistiko eta geografikoan aurreratzea.
Bada, Arabako euskarari buruz orain arte esandakoaz hasi gara, honen gaineko ideia nagusien berrikuste labur bat eginez, eta batez ere azken urteotan esandakoak batu ditugu. Honetaz gain, Urgellen (2020) proposamen nagusia eta hausnarketa gure egin ditugu. Ondoren, gaia dialektologia diakronikoaren ikuspegitik hartzearen beharraz jardun dugu, eta lanean baliagarrien izan zaizkigun proposamenak ekarri ditugu, Camino (2008), Lakarra (2014) eta Zuloaga (2020) izan direlarik iturri nagusiak.
Hauek amaituta, analisiari eman diogu bide. Honetarako, Araba erdi-ekialdeko eta araberarekin lotutako zenbait lekukotasun garrantzitsu izan ditugu oinarrian. Lekukotasunotatik abiatuta, aukeratutako 20 ezaugarri aztertu ditugu, eta corpusean ez ezik, ondoko hizkeretan ere bakoitzak zein leku eta bilakaera izan duen kontuan hartzen saiatu gara.
Analisitik lortutako datuak 4 multzo nagusitan sailkatu ditugu: MEZaren ezaugarriak liratekeenak, arabera bizkaierarekin lotzen dutenak, bereizten dutenak, eta azkenik araberaren ezaugarri esklusiboak diratekeenak. Datuokin MEZaren dialektalizazio prozesuan araberak bizkaierarekin hizkuntza-egoera batuago bat osatu zuela ikusi dugu, eta arabera linguistikoki definitzeko zenbait puntu garatzea eta eranstea lortu dugu, batez ere esklusiboekin. Azkenik, Debagoienako euskarak, araberarekin bizkaierarekin baino lotura sakonagoa eta hierarkikoki garrantzitsuagoa izan zuela ikusi dugu, eta aztertutako isoglosetatik ondorioztatu dugu Debagoienako euskara araberaren partetzat jo beharra dagoela, azken urteotako zenbait lanetan aldarrikatu bezala. Azken ondorio honetatik abiatuta, etorkizunerako aztertzeko bide bat zabaltzen dela markatu dugu: mugetakoak diren eta orain arte beste dialektoekin sailkatu izan diren hizkerak aztertu eta
lekukotasunak araberarenekin sistematikoki konparatu beharko liratekeela, alegia.