Haur prodigoaren parabola Ipar Euskal Herriko 150 bertsiotan
Date
2004Author
Aurrekoetxea Olabarri, Gotzon
Videgain, Xarles
Metadata
Show full item recordAbstract
Edouard Bourciezek gidatutako “Recueil des Idiomes de la Région de la Gasconne” bildumako euskal testuen ikerketa eta argitalpena aspaldiko asmoa da. Izan ere, urte batzuk joan dira Xarles Videgainek gaia planteatu zidanetik. Testuon bilketa eta argitalpena burutzeko, alabaina, nolabaiteko babesa behar genuela iritzirik eginbeharrari ekin zitzaion. Ahaleginak bere fruitua eman zuen 2002. urtean Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa-proiektua onartu zuenean. Beraz, ikerketa EHU-k babestutako 1/UPV 0033.130-H-14888/2002 proiektuaren bidez bideratu ahal izan da1. Anartean urrats bat baino gehiago emanak zituen Xarles Videgainek mikrofitxetatik paperera bihurturiko testuak makinatuz.Testuon argitalpena planteatzen genuen gure ikerketa-proiektuan; hots, eskuizkribuaren eta bertsio makinatuaren argitalpena. Mikrofitxetan gordetzen ziren eskuizkribuen digitalizatzea tresneria berezi baten bidez lortu zen. Eskerrak eman behar dizkiegu lerro hauen bidez, alde batetik, Bordeleko Unibertsitateko Bibliotekako arduradunari, hain eskuzabal hartu gintuelako, mikrofitxak eta eskuizkribuak gure eskuetan utziz, eta bestetik Beñat Oihartzabal CNRSeko Iker-Euskal Ikerketa Zentroko nagusiari, bere ardurapean dagoen mikrofitxa-irakurgailua erabiltzeko baimena ukanagatik.Mikrofitxak digitalizatu orduan konturatu ginen, ordea, mikrofitxa andana batek ez zuela gutienezko kalitatea eskaintzen. Honek beste bide bat jorratzera eraman gintuen: jatorrizko eskuizkribuaren argazkiak atera eta digitalizatzera, hain zuzen ere. Berriro baimen berezia eskatu genuen zazpi giltzapean gordetzen ziren bilduma honetako jatorrizko euskal eskuizkribuen argazkiak ateratzeko. Eskariak emaitza ona lortu zuen eta halaxe egin zen, dokumentu guztiak digitalizatuz argazki kamera digital baten bidez.Aldi berean hasi ziren makinatutako testuen zuzenketak eta hauek amaitu bezain laster testuetako hiztegi eta adiztegiaren hustuketa. Bidean sortzen ziren eragozpenak gaindituz joan ginen apurka-apurka merkatuan diren tresna informatiko eta berariaz ikerketa-proiektu honetarako eraikitako lematizazioa egiteko laguntza-aplikazio baten bidez.