Marihuana kontsumitzen duten nerabeei zuzenduriko osasun hezkuntza programa
Abstract
Marihuanaren kontsumoa geroz eta barneratuagoa dago gizartean eta nerabeak dira gehien kontsumitzen duten adin-taldea. Azken urteotan bere erabilera asko igo da eta nerabezaroan kontsumitzeak ondorio kaltegarriak eragin ditzake. Nerabe asko ez dira kontziente drogaren kalteez eta orokorrean ez dute osasun-sistemara gerturatzeko joerarik izaten, eta ondorioz, zaila izaten da behar duten arreta eta heziketa eskaintzea. Horregatik, beraien ingurura hurbildu eta marihuana kontsumitzen duten nerabeei zuzendutako osasun hezkuntza programa bat egitea proposatzen da.
Helburua. Marihuana kontsumitzen duten nerabeek drogarekiko dituzten ezagutzak, jarrerak eta gaitasunak lantzen dituen osasun hezkuntza programa bat diseinatzea da xede nagusia, drogaren erabilera murritz edo utz dezaten.
Metodologia. Proiektua garatzeko gaiaren bilaketa-bibliografikoa egin da zenbait datu-baseetan, ezarritako MeSH, DeCS eta hitz gakoez baliatuz. Horrez gain, hainbat web-gune eta liburuetako informazioa erabili da.
Plangintza. Marihuana kontsumitzen duten nerabeek drogaren erabilera gutxitzeko edo uzteko beren ezagutzak, jarrerak eta gaitasunak lantzea da proiektuaren helburua. Horretarako, zazpi saiotan banatutako osasun hezkuntza programa bat planteatu da: saio bakoitzean gai-arlo jakin bat landuko da eta proposatutako helburu pedagogiko zehatzak betetzeko hainbat jarduera burutuko dira. Era berean, xede-taldeak eta hezitzaileek proiektuaren emaitzak, prozesua eta egitura zein baliabideak baloratzeko zenbait ebaluazio-metodo erabiliko dira.
Ekarpen pertsonala. Marihuanaren kontsumoaren inguruan dagoen ezjakintasuna dela eta, nerabe askok erabiltzen dute droga hau. Nerabeak gertutik ezagutu, kontsumoaren atzean dauden ezkutuko arazoak landu eta droga uzteko baliabide pertsonalak indartzearen garrantzia azpimarratu nahi da osasun hezkuntza programa honen bidez.