Eraztun pelbikoaren haustura eta ondoriozko ezegonkortasun hemodinamikoa jasaten duten gaixo politraumatizatuen odoljario jatorria
Abstract
[EU]Helburua: Eraztun pelbikoaren hausturaren eta honen ondoriozko odoljarioagatiko ezegonkortasun hemodinamikoaren diagnostikoak eta tratamenduak azkarrak behar dute izan, eta horretarako jatorria antzematea funtsezkoa da, jarraitu beharreko algoritmo terapeutikoa indibidualizatu eta ahalik eta azkarren jarduteko. Tratamenduen aukera aldetik aurrerakuntza nabariak egon diren arren, oraindik nahiko gatazkatsua den aztergaia da odoljario jatorria. Lan honen helburu nagusia eraztun pelbikoaren hausturagatiko ezegonkortasun hemodinamikoa duten paziente politraumatizatuen odoljario jatorri nagusia zehaztea da. // // Metodologia: Bilaketa bibliografikoa egin da, Pubmed eta Google Scholar bilatzaileak erabiliz; gainera, errebisio bibliografiko honetatik ateratako ondorioak Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ZIUko datu-basearen azterketa estatistikoarekin lortutako emaitzekin alderatu dira. Kohorte ikerketa erretrospektibo bat egin da, 2013-2020 urteen bitartean 14 urtetik gorako eraztun pelbikoaren haustura larriak zituzten paziente politraumatizatuak barneratzen dituena. // // Emaitzak: Errebisio bibliografikoaren eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ZIUko datu-basearen azterketa estatistikoan lortutako emaitzak ez datoz guztiz bat. Estatistikoki esanguratsua ez den erlazioa eskuratu den arren, shock egoeran zeuden pazienteen %34,8k odoljario arteriala zuen eta shock errefraktario egoeran zeudenetatik, %50k. Lan honetan burututako ikerketan, ordea, honakoa frogatu ahal izan da: jatorri arterialeko odoljarioa zutenek ISS eskalan puntuazio altuagoa (35,5 +/- 12,1 puntu) izan zuten, odol-transfusio kopuru altuagoa (877,8 +/- 884,1 mL) jaso zuten eta, heriotzaren triadak paziente hauengan duen garrantzia azpimarratuz, hildako pazienteen %88,9k koagulopatia izan zuen. // // Ondorioak: Badirudi eraztun pelbikoaren haustura larriagatik ezegonkortasun hemodinamikoa jasaten duten paziente politraumatizatuen odoljario jatorria hainbat artikuluk adierazitako jatorri arterialaren portzentaia baino altuagoa izan litekeela. Hala ere, muga metodologiko hainbat aurkitu dira honako hipotesia baieztatzeko eta oraindik ikertzen jarraitu beharra dago.