Janari-marketinak umeen elikadura-portaeran duen eragina: Errebisio bibliografikoa
Date
2022-01-10Author
Fernández González, Amaia
Metadata
Show full item recordAbstract
[EU]Haurren gainpisuaren goranzko prebalentzia nazioarteko arazo larria da. Igoera hori, hein handi batean, gaur egun bizi dugun testuinguru obesogenikoari egotzi zaio; aisialdi jarduera sedentarioak eta azukre, gatz eta gantz maila altuko jakien kontsumoa areagotuz jarduten duena. Janari-marketinak ingurune obesogenikoa sortzen laguntzen duela eta haurrak estimulu hauekiko bereziki zaurgarriak direla diote ikerketek. Hala ere, elikagai-industriak umeengan salmenta presio handia eragiten jarraitzen du, haiengan duen eragin zuzena guztiz argia ez dela eta obesitatearen garapenean faktore gehiagok parte hartzen dutela esanez. Hori dela eta, umeek jasaten duten janari-marketinak hauen elikadura-portaeran duen eragin zuzena frogatzeko, eta horrela, murrizteko argudioak emateko asmoz egin zen berrikusketa bibliografiko hau. Beraz, janari-marketinak 12 urtetik beherako umeen elikadura-portaeran duen efektua aztertzea izan zen ikerketaren helburu. Horretarako 2020-ko irailetik 2021-eko azarora bitartean 6 datu-base elektronikoetan bilaketa egin ondoren, hautagarriak ziren 26 artikulu identifikatu ziren; Espainia mailako 10 eta mundu-mailako 16. Huetan, janari-marketinak, teknika eta hedabide desberdinak erabiliz, haurretan eragin akutua zuela frogatu zen; batez ere, haurren kontsumo erabakiak moldatuz (ingesta dietetikoa areagotuz eta jaki lehentasunetan eraginez), ezagutza nutrizionala murriztuz, markekiko lotura emozionalak garatuz eta zaporearen balorazioan eraginez. Gainera, eragin hauek gainpisua eta adin txikiagoa zutenengan handiagoak zirela ikusi zen. Ondorioz, janari-marketinak haurrengan duen eragin kaltegarria murrizteko beharraren ebidentzia sendoa bildu zen berrikusketan zehar. Horretarako indarrean dauden politiken eraginkortasuna bermatu eta babes neurriak garatu behar dira umeen artean, batez ere zaurgarrien direnen artean. Osasuntsuak diren produktuentzako marketin estrategiak eta ezagutza nutrizionala bultzatuz, haurren kontsumo erabakiak hobetzeko aukera handiak daudela ikusi zen. Etorkizunean, umeen errealitatearen azterketa zehatzago eta metodologia zein parametro sorta zabalagoen bidez aztergaiaren alderdi guztiak kontuan hartzen dituzten ikerketak barneratuz, are gehiago indartu daiteke ebidentzia multzo hau.