Egoera soziolinguistikoa eta euskara-gaitasuna: D ereduan ikasten duten 8-9 urteko umeen euskara-gaitasunaren azterketa
View/ Open
Date
2022-03-07Author
Cortés Antolín, Ane
Metadata
Show full item recordAbstract
Egoera soziolinguistikoa hizkuntza jabekuntzan eragina duen faktore garrantzitsuenetariko bat dugu, eta gutxiengoaren hizkuntza murgilketa ereduaren bidez ikasten denean, are gehiago. Izan ere, lan honetan ikusiko denez, hizkuntza baten jabekuntzan horrekiko inputaren kantitateak eta kalitateak berebiziko garrantzia du.
Ikerketa honen ardatza egoera soziolinguistikoaren eta umeen euskara-gaitasunaren arteko lotura da, helburu nagusia ingurune euskaldunean hezi baina egoera soziolinguistiko gaztelaniadunean bizitzeak umeen euskara-mailan duen eragina aztertzea izanik. Horretarako, MAIN tresnan oinarrituz Leioan D ereduan ikasten duten 8-9 urteko (LH 3. mailako) 17 haur elkarrizketatu dira. Partaideak 3 taldetan bereizi dira; alde batetik, euskara ama-hizkuntza dutenak (1. taldea); bestetik, ama-hizkuntza gutxiengoaren beste hizkuntza bat dutenak (2. taldea) eta azkenik, gaztelania ama-hizkuntza dutenak (3. taldea). Horrela, tresnak bideratzen duen eredu-kontaketaren bitartez, hots, ipuin bat kontatzearen eta ulermen-galderak egitearen bitartez, partaideen ulermen-gaitasuna soilik aztertzea izan da helburua. Hala ere, ikerketak aurrera egin ahala ahozko adierazpena bihurtu da interesgune nagusia; izan ere, ateratako emaitzek egoera soziolinguistikoak umeen ulermen-gaitasunean baino, euskarazko ahozko adierazpenean berebiziko eragina duela baieztatu dute. Horretarako, gaitasuna neurtzeko adierazgarriak ezberdindu eta kuantifikatu dira, emaitza zehatz zein enpirikoak lortu ahal izateko. Adierazgarrien artean hurrengoak hartu dira kontuan: hizkuntza mantentzeko gaitasuna, BET (barne-egoerako terminoak) esateko trebetasuna, jariakortasuna eta esaldien zuzentasuna. Halaber, datuak interpretatzean, euskara-gaitasuna baldintzatu ahal zuten alderdiak kontuan hartu dira; besteak beste, hizkuntzarekiko edota hizkuntzekiko interesa, hizkuntza-erabilera ohiturak eta gurasoen hizkuntza-gaitasuna.
Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta eta emaitzak aztertu ostean, ikusi da egoera soziolinguistikoak gehienbat ahozko adierazpeneko gaitasunean duela eragina; izan ere, eskolatik kanpo euskaraz egiten duten ikasleek soilik lortu dute gehieneko puntuazioa. Gainerakoek jariakortasunean, zuzentasunean eta hiztegian gabeziak erakutsi dituzte. Horrenbestez, euskararen erabilera eskolatik kanpo eta helduen artean sustatzeko beharra ikusi da, eremu sozialean duen erabilgarritasuna erakusteko eta horrekiko interesa pizteko.