Harrietek Haranederren "Testamentu Berriaren" edizioari (1855) egindako aldaketen nolakoa
Date
2022-03-07Author
Iparragirre Lopetegi, Andrea
Metadata
Show full item recordAbstract
Joannes de Haraneder, Donibane Lohizuneko apaiz lapurtarrak, 1740. urtean egin
zuen Testamentu Berriaren lehen itzulpen katolikoa baina ez zen argitaratua izan
Maurice Harrietek 1855. urtean Dassanceren laguntzarekin argitaratu zuen arte.
Ikus dezakegu mende bat igaro zela Haranederrek itzulpena egin zuenetik
argitaratua izan zen arte. Hizkuntzak etengabe aldatuz doaz eta euskarak ere denboran
zehar hainbat eta hainbat aldaketa izan dituela jakina da; hala erakusten digu Harriet eta
Dassancek argitaratu zuten edizioak ere. Horrela, lan honen helburua Harrietek ekartzen
dizkigun aldaketen nondik-norakoak aztertzea izango da. Lan hau burutzeko, Robinen
edizioa, Patxi Altunak 1990ean egindako edizioa (hau izango da oinarritzat izango
duguna) eta Harriet eta Dassancerena erabili ditugu, hasierako eta amaierako orrialdeak
hitzez-hitz eta esaldiz-esaldi erkatuz, agertzen diren aldaketak bilduz. Ondoren aldaketa
horiek zeri dagozkion eta horren arabera tauletan (eranskinean aurki ditzakegu hauek)
sailkatu ditugu: grafiari eta fonetika-fonologiari, izenaren edota aditzaren morfologiari
dagozkion, sintaxiari edo aldaera lexikoak diren arabera. Gero, aldaketa horiek behatueta sistematikoak direnak hautatu eta aztertu ditugu; lan honek eskatzen duen neurria
dela eta, ezinezkoa litzateke aldaketa guztiak azaltzea.
Aintzat hartu behar dugu Haraneder beraren edizioa ez dela berreskuratu, 1770.
urtean Robin delako apaiz batek eginiko kopia iritsi zaigu gurera. Ikusiko dugunez, ez
dakigu Robinek Haranederren edizioa bere horretan kopiatu zuen edo aldaketak egin
zizkion, hori jakiteko Haranederren edizioa izatea ezinbestekoa baita.
Edizioei dagokienez, Robinen edizioan Altunak aipatzen ez dituen zuzenketa
batzuk egin direla ikusiko dugu. Hizkuntza ezaugarriei dagokienez berriz, Haraneder
Euskara Zaharraren garaian kokatzen da; Harriet berriz, Lehen Euskara Modernoko
idazlea dugu. Ondorioz, lan honetan ikusiko dugu Harrietek XIX. mendean gertaturiko
hizkuntza idatziaren aldaketak bere egiten dituela: batetik, garaiko ikuspegi garbizalea
ikusiko dugu, Haranederrek dakartzan hainbat erdal hitz euskal oraindarengatik
ordezkatzen baititu. Bestetik, ekialdeko hizkeretatik hedatu diren hainbat ezaugarriren
alde egiten duela ikusiko dugu. Horrez gain, Harrietek, Haraneder baino autore
berriagoa den heinean, berrikuntzak ekartzen dizkigun arren, batzuetan ikusiko dugu lapurtera klasikorantz (nolabait esateko, "Axularren hizkerarantz") ere lerratzen duela
testua, Haranederren berrikuntza batzuk kenduz eta lapurtera klasikoko testuetan ikusten
dituen ezaugarriak ekarriz. Tamalez, hainbat aldaketatan ezin izan dugu zergatia
aurkitu; alabaina, lan honetan hauek ere bildu ditugu interesgarriak izan
daitezkeelakoan.