Musulmanaren irudia "Vita Dominici Silensis"-ean (XI-XII. mendeak)
Abstract
Lan honek XI eta XII. mendeen artean idatzia izan zen Vita Dominici Silensis hagiografian musulmanaren inguruan ematen den irudia dauka hizpide. Hagiografiaren bultzatzaileek hasiera batean haien santuari sendatzaile funtzioa eman zioten monastegiaren ospea handitzeko eta inguruko komunitateetan bere eragina finkatzeko helburuarekin. Alabaina, arrakasta izan zuen santuaren alderdia mirari gutxi batzuetan agertzen den gatibuen askatzailearena izan zen, Gonzalo de Berceok erromantzean idatzitako hagiografiak (1236) eta Pero Marinen Miraculos romançados lanak (1285-1293) adierazten duten moduan. Musulmanekin hain lotuta dagoen santuaren funtzionaltasun horren arrakastaren gakoak ulertzeko asmoz, hagiografiaren edukia, erabilitako hiztegia eta idatzi zen testuinguru historikoa analizatzea da lan honen helburua; hau da, A. García de la Borbollak planteatutako hagiografiaren plano idealaren eta errealaren azterketaren bidez, Gaztelako biztanleriaren, eta bereziki eliteen ideologiaren alderdi bat hobetu ezagutzea. Metodologiaren aldetik, hiztegiaren analisia burutzeko konkordantzien sistema erabili da, AntConc software librea oinarrizkoa izan delarik, eta Patrologia Latina datu basea emaitza batzuk kontrastatzeko erabili da.
Anthony Lappin ikerlari ingelesak adierazitakoaren kontra, musulmanak aipatzen diren testuinguruak eta pasarte horietan erabilitako hiztegiaren azterketaren bidez musulmanaren irudia oro har negatiboa dela ondorioztatu da. Bestalde, analisiaren emaitzek Vita-ren I-II. liburuetan eta III. liburuan ematen den irudiaren artean ezberdintasunak daudela aditzera ematen dute, III.ean askoz homogeneoagoa delarik eta gatibutasunari zuzenean lotuta agertzen delarik. Fenomeno hori azaltzeko testuinguruaren aldaketari (erregeen ekimenez egindako konkisten aurrerakadari) eta santutasun ereduaren erabilgarritasun sozialari heldu zaio, koiuntura historikoarekin bat datorren kezka eta arazoei erantzuna emateko bidea izan zen heinean.