Wikipedian posteditatzeko gidalerroak
Date
2022-03-08Author
Solaun Martínez, Amaia
Metadata
Show full item recordAbstract
Lan honen helburua postediziorako (PE) gidalerro batzuk sortzea izan da, Wikipedian gaztelaniatik euskarara posteditatzeko. Hori lortzeko, postediziorako gidalerro minimo batzuk sortu ditugu, eta postedizio proba batean testatu ditugu, 7 wikilariren laguntzarekin. Postedizio proban bi talde egin dira, eta horietako bakoitzak testu bat posteditatu behar izan du. Ondoren, posteditatutako testuen akatsak anotatu eta sailkatu dira. Azterketa horretako emaitzetan oinarrituta, hasierako gutxieneko jarraibide horiek hobetzea proposatu da. Halaber, postedizio proban parte hartu dutenei galdetegi bat pasatu zaie, laginaren ezaugarrien berri izateko. Galdetegi horretan informazio demografikoa jasotzeaz gain, euskararen ezagutza maila eta erabileraren inguruko informazioa jaso da, eta baita postedizio eta itzulpen lanetan izandako esperientziaren ingurukoa ere. Faktore horiek behatu dira postedizio emaitzetan eragin zezaketelako.
Lana berritzailea da, itzulpen automatikoak Wikipediaren lan-fluxuan denbora luzea daraman arren, orain arte ez zegoelako postediziorako gidalerrorik, ez euskaraz ez inguruko erdaretan ere. Gainera orain arte euskaraz ia jorratu ez den gai batean jartzen du fokua: crowdsourcing plataformetako postedizioan. Hortaz, lan honetan postedizio profesionaletik aldendu eta bere beste aplikazio batean zentratu gara. Dena den, postedizio profesionalarekin ezaugarri asko partekatzen dituenez, eta bien garapena ia aldiberekoa izaten ari denez, lan honen atal teorikoan bai postedizio profesionalaz, eta baita crowdsourcing plataformen postedizioaz aritu gara.
Lana hiru bloketan egituratu dugu. Lehenengo blokea postedizioaren alderdi teorikoari eskainiko diogu eta hiru ataletan banatua dago: lehenik, azalduko dugu zertan datzan postedizioa, bigarrenik, ikusiko dugu zer diren crowdsourcing plataformak eta zer berezitasun dituen plataforma horietan egindako postedizioak, eta azkenik behatuko dugu zertan den euskal postedizioa. Bigarren blokean, egindako proban zentratuko gara, eta azalduko dugu, alde batetik, zertan oinarritu garen proba diseinatzeko; eta bestetik, zein izan den erabilitako metodologia. Azkenengo zatian probaren emaitzak eta amaieran sortutako gidalerroak aurkeztuko ditugu, eta azken ondorioak eskainiko ditugu.