Hortzoiko kartzinomaren alderdi diferentzialak
Abstract
[EUS] Sarrera: Ezkata zelulen aho kartzinoma (EZAK) aho-barrunbean prebalentzia handiena duen minbizia da (%95). EZAK gizonetan ohikoagoa da, eta bere arrisku-faktoreak tabakoa, alkohola, giza papilomabirusa eta minbizi aurreko lesioak dira. EZAKren biziraupen-tasa, orohar, %50ekoa da, baina hortzoi-kartzinomarena, zehazki, %60koa. Azken urteotan, ikerketa askok balore pronostikoa duten EZAKren biomarkatzaileak ikertu dituzte (Ciclina D1, p53, p21, BRAF, KRAS, MMP, CD44, etab.), bere mekanismo etiopatogenikoa hobeto ezagutzeko asmoz.
Helburua: Hortzoiko EZAK beste ahoko kartzinomengandik bereiztuko eta bere pronostiko ona azalduko duen alterazio molekularren profil espezifikorik badagoen ezagutzea.
Material eta Metodoak: Bilaketa bibliografiko sistematikoa PubMed, Scopus eta Web of Science/ Knowledge datu-baseetan, gingiva, gum, "oral cancer", "oral squamous cell carcinoma", eta “oral carcinoma” hitz-gakoekin. PICO galdera honekin: hortzoiko EZAK duten pazienteak (Biztanleria), markatzaile biomolekularren presentzia (Interbentzioa), aho-barrunbeko beste edozein eremutan aurkitzen diren EZAK (Konparaketa), hortzoiko kartzinomaren alderdi diferentzial biomolekularrak antzemateko (Efektua).
Emaitzak: Hamasei artikulu hautatu ziren berrikuspenerako, eta hauek 305 hortzoiko kartzinoma ikertu zituzten, immunohistokimika edo PCR tekniken bitartez. Beste ahoko kokapenekin alderatuta, p53, p16 eta CD44ren adierazpena beheratuta izan zen; p21, MMP1, MMP12, TP eta OPRTrena, aldiz, altuagoa. Ciclina D1, PIK3CA, BUBR1B eta Mad2ren emaitzak aldakorrak izan ziren, beste kokapenen antzekoa; eta BRAFen adierazpena hortzoiko kartzinometan ikusi zen bakarrik.
Eztabaida eta Ondorioak: Hortzoiko kartzinoma menopausia osteko emakume helduekin erlazionatu da, baita hortzoian agertzen diren minbizi aurreko lesioekin ere. Berrikusketa honetan landutako ikerketa gehienek hortzoiko ezkata zelulen kartzinomak entitate klinikopatologiko eta molekular zehatz bat izan dezakela iradokitzen dute, eta bere biomarkatzaileen profil molekularrak beste kokapenetako aho minbiziek duten pronostikoa baino hobea dela adierazten du.