Arnas birus sintzitialak eragindako bronkiolitis akutuaren kasuan egin beharreko prebentzioa eta eman beharreko erizaintza-zainketak
View/ Open
Date
2022-07-26Author
Viedma Castillo, Elena
Metadata
Show full item recordAbstract
Sarrera: bi urte baino gutxiagoko haurrei, eta bereziki urte batetik beherakoei eragin ohi dien beheko arnasbideetako infekzioaren lehen gertakaria da bronkiolitis akutua. Arnas birus sintzitialak eragindako infekzio honek pazienteetan eta hauen gurasoetan eragiten dituen ondorioak kontuan izanda, badirudi erizainaren lana azpimarratzekoa dela gaixotasunaren prebentzioan zein tratamenduan.
Helburuak: errebisio narratiboaren helburu orokorra arnas birus sintzitialak eragindako bronkiolitis akutuaren kasuan eman beharreko erizaintza-zainketen inguruan dagoen egungo literatura aztertzea eta dauden ebidentziak azpimarratzea da.
Metodologia: Patient, Intervention, Outcome egituran oinarrituta eta Descriptores en Ciencias de la Salud zein Medical Subject Headings deskriptoreak erabiliaz, PubMed, SciELO, Dialnet eta Cuiden datu-baseetan eta Biblioteca Virtual de la Salud meta-bilatzailean egin da bilaketa. Gainera, liburuak eta web-orriak ere erabili dira informazioa gehitzeko. Guztira, 39 erreferentzia bibliografiko erabili dira.
Emaitzak: erizainak metodo sistematiko eta humanista erabiliaz emango ditu bronkiolitis akutuaren inguruko zainketak. Prebentzioaren oinarria esku higienea, tabako-kearen esposizioa murriztea eta amagandiko edoskitzea dira. Palivizumab bidezko profilaxia arrisku handieneko taldeetara mugatua dago. Bestalde, tratamendurako interbentzio gutxi iradokitzen dira; honen funtsa fluidoen balantze egokia eta oxigenoaren asetasun maila normalak lortzea da.
Eztabaida: aztertutako artikuluetan oinarrituta, atal batzuetan adostasunak egon arren, desadostasunak ere aurkitu dira oxigeno-terapia hasteko SatO2 atalasean eta bronkodilatadoreen zein % 3ko gatz-serum hipertoniko nebulizatuaren erabileran. Horrez gain, COVID-19 pandemiak gaixotasun honen intzidentzian izan duen eragina nabarmendu eta gogoeta pertsonala gehitu da.
Ondorioak: erizaintza-zainketak prebentzioan eta gaixotze-prozesuan egin beharreko jardueretan oinarritzen dira. Gaur egun ez dago bronkiolitisa sendatzeko sendagairik; zainketak sudurreko buxadura arintzera eta elikatzera bideratzen dira.
Hitz gakoak: “bronkiolitis akutua”, “arnas birus sintzitiala”, “prebentzioa”, “erizaintza-zainketak”.