Haurdunaldian ariketa fisikoa sustatzeko osasun-hezkuntza programa
Abstract
Sarrera: haurdunaldian emakumearen gorputzak aldaketa asko pairatzen ditu, eta garai
honetan ariketa fisikoa egiteak makina bat onura ditu, bai amarentzat eta baita
fetuarentzat ere. Alabaina, kirola egiten duten etorkizuneko amak oso gutxi dira, hainbat
arrazoi direla medio, eta honek eragiten dituen ondorio kaltegarriak ikusgai dira egungo
osasun-sisteman. Horregatik, haurdun dauden emakumeak kirola egitera animatzeak
berebiziko garrantzia du, garai honek berez dakarren motibazioari probetxua ateraz,
onurak ager daitezkeelako emakumearen eta haurraren etorkizun urrun nahiz hurbilean.
Helburua: haurdun dauden emakumeei garai honetan ariketa fisikoa egiteko osasunhezkuntza programa bat diseinatzea da.
Metodologia: osasun-hezkuntza programaren helburuari erantzuteko bilaketa
bibliografiko bat burutu da Patient, Intervention and Outcome egitura jarraituz eta
dagozkion Descriptores de Ciencia de Salud eta Medical Subject Headings terminoak
erabiliz. Bestalde, hainbat erakunde ofizialen webguneak edo dokumentuak ere erabili
dira informazioa lortzeko eta osasun-hezkuntzaren egitura eta saioak garatu ahal
izateko.
Plangintza: programa Oreretan garatuko da, eta erditze-data 2023ko apirilean duten
emakume oreretarrei zuzendutakoa izango da. Iraupena 2022ko urritik 2023ko apirila
bitartekoa izango da, eta astean behin, astelehenetan, 90 minutuko saioak burutuko dira.
Osasun-agenteen taldea emagin batek eta entrenatzaile fisiko batek osatuko dute.
Proiektuak hiru zati izango ditu, hiruhileko bakoitzean bat, eta zati bakoitzean hiruhileko
horretan egin beharreko ariketa zehatzak ikasiko eta praktikatuko dira, gero xedetaldeak beraien egunerokotasunean finkatu ditzan ohitura hauek. Bukatzeko, programa
bete eta helburuak lortu diren ziurtatzeko, hainbat ebaluazio tresna sortu dira.
Ekarpen pertsonala: gaiari buruzko informazioa dagoen arren, haurdun dauden
emakumeen artean gelditasun handia dagoela ikusi da. Beraz, etorkizunera begira,
funtsezkoa da haurdun dauden emakumeekin lan egiten duten osasun profesionalak
heztea eta osasun-sistema publikoan ariketa fisikoa egiteko programak gauzatzea.