Zainketa Intentsiboetako Unitateetan klorhexidinarekin egindako bainuaren eraginkortasuna infekzio nosokomialak prebenitzeko: berrikuspen sistematikoa
View/ Open
Date
2022-07-26Author
Esarte Montiel, Jon
Metadata
Show full item recordAbstract
Sarrera. Infekzio nosokomialak (IN) pazienteek osasun-arreta jasotzean pairatutako
infekzioak dira. Hauek morbilitate, hilkortasun eta kostu ekonomikoak areagotzen dituzte,
eta ospitaleko heriotza prebenigarrien arrazoi nagusia dira. Zainketa Intentsiboetako
Unitateetan (ZIU) INen prebalentziak altuagoak dira gailu inbaditzaileen erabilera dela-eta. Pertsonen azaleko mikroorganismoen kolonizazioek INak hedatzea eragin dezakete
pazienteen artean. Azalaren deskolonizaziorako eraginkorra den klorhexidina
antiseptikoarekin pazienteen bainua egiteak INak agian prebenitu ditzake.
Helburua. ZIUko paziente helduetan INak prebenitzeko klorhexidinarekin egindako
bainuaren eraginkortasuna aztertzea.
Metodologia. PubMed, Embase, Cumulative Index to Nursing and Allied Health
Literature, Scopus, Biblioteca Virtual de la Salud, Cuiden eta Dialnet datu-baseetan
ausazko saiakuntza kontrolatuen berrikuspen sistematikoa. Ikerketen alborapen-arriskua A revised Cochrane risk-of-bias tool for randomized trials tresna bidez ebaluatu
da.
Emaitzak. Guztira 5 ikerketa barneratu dira. Ikerketa guztietan alborapen-arriskuaren
inguruan kezkak egon dira. Ikerketa batean alborapen-arrisku handia egon da. Ikerketa
batzuetan interbentzioa eraginkorra izan zen bakterio gram-positiboek eragindako
infekzioak prebenitzeko, baina ez gram-negatiboen kasuan. Interbentzioa eraginkorra
izan zen batez ere bakteriemiak prebenitzeko, baina ez aireztapen mekanikoarekin
erlazionatutako pneumoniak edo gernu-bideko infekzioak prebenitzeko. Ez zen eragin
azpimarragarririk egon hilkortasunean.
Eztabaida. Aztertutako bost ikerketetatik bietan interbentzioa ez zen eraginkorra izan,
batean INen prebalentzia oso baxua dela-eta eta bestean mikroorganismo nagusiak
bakterio gram-negatiboak zirelako. Interbentzioa eraginkorra izan zen batez ere bakterio
gram-positiboen aurka eta bakteriemiak prebenitzeko garaian, baina ez beste infekzio
motetan edota bakterio gram-negatiboen aurka. Berrikuspen honen mugak direla-eta
emaitzak kontuarekin aztertu behar dira.
Ondorioak. ZIUko paziente helduetan klorhexidinarekin bainua egitea eraginkorra izan
daiteke bakterio gram-positiboen agerraldietan edo hauen prebalentzia altua denean.
Bakterio gram-negatiboen infekzioak prebenitzeko eraginkortasuna ez da frogatu.
Etorkizunean klorhexidinaren kontzentrazioa eta prozedura egiteko modu, maiztasun eta
iraupen desberdinak konparatzeko ikerketak egitea interesgarria izan daiteke.