Gaztetxoak euskarazko herri-komunikabideetan: elkarrizketarako gaitasunak aztergai
Abstract
[EUS] Lan honen helburua euskarazko komunikabideetako elkarrizketa-mintzamolde jakin baten azterketa egitea da, elkarrizketa generoaren izaera, funtzionamendua eta ezaugarri diskurtsiboak aintzat hartuta. Zehazki, Deba Goienako hainbat eskola eta Goiena Telebistaren arteko elkarlanaren eraginez gaztetxoak elkarrizketatzaile bihurtzen direneko saio bat aztertuko dugu: Galdegazte. Saio honek, batetik, gaztetxoei euskaraz jendaurreko mintzamolde batean trebatzeko aukera ematen die berbazko-ekintza komunikatiboki esanguratsu bat burutuz, eta bestetik, euskal kultura eta kirol munduko erreferenteekin aritzekoa. Bi eragileren elkarlanaren emaitza den saio honek, kazetaritzako ahozko erreferentziazko praktika den elkarrizketa batean modu esanguratsuan parte hartzera bideratzen ditu bailarako ikasleak, eta haien berbaldian jarriko da arreta.
Kazetari aditu baten gidaritzapean jarduten duten gaztetxoen gaitasun komunikatibo eta diskurtsiboak aztergai jarri dira bereziki, beti ere, saioak suposatzen duen berbazko praktikaren izaera eta osaera aintzat hartuta. Elkarrizketa generoaren makroegiturari eta solas-mekanismoen gauzapen moduei erreparatuko zaie pragmatikaren begiradapean, hedabideetan elkarrizketa generoak erakusten dituen hainbat ezaugarri eta konbentziori jarraituz: 1) elkarrizketak makroegitura gisa hartzen duen atalketa, 2) hitz-txanden sistemaren gauzapena, eta 3) interakzioan harremanak erregulatzeko oinarrizko mekanismo estralinguistikoen gauzapena, hau da, kooperazio printzipioa.
Lortutako emaitzek erakutsi dute gaztetxoek elkarrizketa-saioan egiten dituzten interbentzioetan testu-generoak eskatzen dituen alderdi interakzionalak nahiz hizkuntza baliabideak menperatzen dituztela, beti ere prestaketa lana atzean eta aditu baten gidaritza lagun dutela. Hedabideetako elkarrizketa generoari hainbat moldaketa egin zaizkiola ere ikusi da, gaztetxo hauen parte hartzea bideragarri egiteko herri-komunikabidearen programazioan.